lan erdiak eginak ditu Hernanik. Herriartekoan estreinekoz joan den asteburuan jokatu zuten Amezketaren kontra, eta kadete eta seniorretako partiduak irabazita, bideratuta dute kanporaketa. Final laurdenetarako pasea dago jokoan, eta bihar neurtuko dituzte indarrak berriz ere, bueltako partiduan. Kiroldegian izango da, goizeko 10:45etan.
Kadeteak, klabea
Markagailua aldeko badute ere, partidu gogorra eta berdindua espero da. Aurrera egiteko klabeetako bat kadetetako partidua izango da: irabaziz gero, Hernanik eskura izango du kanporaketa. Galtzen badute, jubenil eta nagusien partiduetako tantoak izango dira kontuan hartu beharrekoak.
Txapela, oso lehiatua
Bidegoian, Berrobi, Azkoitia, Astigarraga eta Hernani dira txapela irabazteko faboritoak. Hernani da egungo txapelduna, eta Rufino Rekalderen esanetan, badu aukera ondo merezitako titulua mantentzeko; bidea ordea, ez da erraza izango: «Hernanik maila altuko pelotariak ditu, eta aurten ere irabazi dezake herriartekoa. Baina baita beste edozeinek ere».
Hernanik finalerdietarako pasea lortuko balu, Tolosaren kontra jokatuko luke kanporaketa: «hemendik aurrera ez dago talde errazik. Tolosa gailenduz gero, Astigarraga edo Bidegoian izango ditugu zain; biak ere, txapela irabazteko faboritoak».
Nagusi, senior mailan
Kanporaketa edo partidu bakoitza zein pelotarik jokatuko duen azken unean erabakiko du Iosu Oiaga entrenatzaileak. Maila guztietan ditu Hernanik punta puntako pelotariak, baina batez ere, nagusietan: «Arrieta, Ojuel eta Gorrotxategi Euskal Herriko onenetakoak dira, momentu honetan» dio Rekaldek.
Kadetetan Rodriguez atzelaria ondo ari dela dio Rekaldek eta ezegonkortasuna aurreko koadroetan dagoela, nahiz eta Cisneros eta Loiarte etorkizun haundiko pelotariak izan.
Jubenilen kasuan, Altuna anaiak maila onean ari direla dio Rekaldek; Egoitz aurrelariari lasaitasun pixka bat falta zaiola eta Josu atzelariak ez duela urte onena, lesioak medio.
Finala, San Fermin egunez
Final haundia ohi baino beranduago jokatuko da aurten: uztailaren 7an, San Fermin egunez, Donostian.
Zaleei, deia
Pelota elkarteak dei berezia egin nahi die Hernaniko pelotazale guztiei frontoira gerturatzeko: «lan haundia egiten da urte osoan zehar pelotaren alde, euskaldunon patrimonio kulturala den kirolaren alde. Horregatik animatu nahi zaituztegu Herriartekora eta gainontzeko txapelketetara, guztion artean frontoiak berpiztu ditzagun»