«Etengabe sortu eta asmatu behar duzu zure burua»

Kronika - Erredakzioa 2013ko eka. 1a, 02:00

Hiru helburu argi ditu Ibon Casasek: blind rock izenez deitzen duen bere musika estiloa zabaltzea, erakustea erretinosis pigmentarioa izateagatik ez dituela gaindiezinak diren mugak, eta gaixotasuna ikertu eta aurrerapenak lortzeko dirua biltzea. Ho­rretarako jarri du martxan www.dametvision.com proiektu soziala. Ikus-entzunezko bat zuzenduko duen lehenengo itsua izan nahi du, eta mundu guztiaren begien laguntza behar du. Lan horren musika berak konposatu du, noski. Apaga la luz y verás kantuaren hamaika bertsio egin dira, dagoeneko; tartean, Donos­tiako Orfeoiarena edo Eus­kadiko Orkestra Sinfonikoa­rena. Proiektua bigarren fasean sartu berri da: gidoia sortu behar da. Horretarako, gidoirako oinarri izan daitekeen istorioa proposatu behar da kantuak eta Ibonen proiektuak burura ekartzen dizkizun ideiekin. Donostiako Giza Eskubideen Zinemal­dian aurkeztu du proiektua, eta datorren urterako dokumentala egiteko eskatu diote: «sekula ez nuen pentsatu honetara iritsiko nintzenik», dio pozik.


Izena jartzen zaionean…
Zerbaiti izena jartzeak gauza asko alda ditzake. 2-3 urte zituela betaurrekoak jarri zizkioten Ibon Casasi: «miopia altua eta astigmatismoa ni­tuen; ez dut uste ordurako erretinosis pigmentarioa di­ag­nostikatu zidatenik. Ne­ki­ena zen gertutik ‘turboikusmen’ ikaragarria nuela, urrutitik horren gaizki ikusita, gertutik guztia ikaragarri haundi eta garbi ikusten bainuen. 18 bat urterekin entzun nuen lehenengoz gaixotasunaren izena, eta gertatzen zitzaizkidanek ere izena zutela jakin nuen: ikusmen tubularra eta gaueko itsutasuna nituen». Lagun batek gomendatuta, 18 urterekin ONCEko proba bat egin zuen, eta %80ko ezintasuna zuela onartu zioten. Gainera, gaixotasun honek aurrera egiten du, itsu geratu arte. «1996ko ekainaren 26an, 26 urte nituela saldu nuen nire lehenengo kupoia. Bost urte egin nituen lan horretan. Ez zegoen gaizki, eta diru dezente irabazten zen. Baina nazkatu egin nin­tzen. Orduak bata bestearen atzetik nola joaten ziren begira egon behar izaten nuen askotan, eta pentsatu nuen: hau ez da niretzako. Ordurako musikan bete-betean sartuta nenbilen…».

«Nire estiloa da rock itsua»
Musika txiki-txikitatik sentitu du inguruan Ibonek. Uda Angucianan (Errioxan) pasa­tzen zuen familiarekin, eta hainbat kontzertu entzuteko aukera izan zuela aipatzen du. Baina benetako grina 11 urterekin sortu zitzaion: «Ana Tortosak aurkezten zuen `Aplauso´ programan AC/DC taldea agertu zenean zerbait piztu zitzaidan. Baina nigan baino gehiago, Ander nire anaiarengan izan zuen eragina agerpen hark. Or­dutik gitarrak, diskoak, baxuak… denetik ekartzen zuen etxera. Eta nik guztia ukitzen nuen… ». Segidan, inguruko hainbat rock talde ezagutzen hasi zen, eta baita horietan parte hartzen ere. «Nire lehenengo taldea Ceda el Vaso izan zen. Taldea sortua zegoen: Ibon Sagarna, Raul, Jon Inza, Mosti… Baina pare batek utzi ondoren ni hartu ninduten». Ordutik, hainbat taldetan aritu da: Inzesto, Mixil, Taboo, Blind Rock, Telele, Sai, Malo eta La Fonda. Azken hau Ibon Casas da, gaur egun. «Zortzi urtetan zehar hemen ibili nintzen bueltaka, bandatik bandara, Hernaniko Gaztetxearen bueltan». 1999an, berriz, gerora berreskuratu duen ideia bat eman zioten, Estatu Batuetara egindako bidaia batean. «Lagun batzuk bisitatzeko eta behar nuen materiala erosteko ai­tzakiarekin joan ginen bertara lagun bat eta biok. ‘Guitar Center’ dendako managerra nire lagunaren laguna zen, eta hark esan zidan Blind Rock izeneko talde bat sor­tzeko. Hartara, jendeak pen­tsatuko zuela: `itsu jartzen al dira ba, alkohola edo drogekin? Bai zera! Tipoa itsua da, eta gainera, ona!´. Kasu egin nion eta taldea sortu nuen. Gero, estiloa bera errekuperatu nuen; blind rocka nire estiloa da».


Ideiak eta elkartasuna
Musikaren mundua ez da erraza, eta etxean bestelako lanen bat egiteko zerbait ikastera animatzen zuten Ibon. Horrela, masajeak ematen ikasteko kurtso bat egin zuen lehenengo, eta Pedro Arri­basekin ikasten eta lanean jarraitu zuen. Hala ere, gertukoen mina arintzeko erabil­tzen du ikasitakoa Ibonek; nahiago izan zuen musikarekin jarraitu. «Lan asko egin ditut. Hiru disko argitaratu ditut eta maketa asko dauzkat argitaratzeko zain. ‘Goazen Erre­ala’ kantua ere egin nuen, Oscar Terolen programarako musika egin dut… Bera izan zen ni babestea erabaki zuena, eta Dimensión Pu­blicidad-eko Guille Viglione aurkeztu zidana. 2011 bukaeran esan zidan azken honek ideia bat emango zidala, eta ez zidala dirurik eskatuko. Orain martxan dudan proiektu sozial hau bere ideia izan zen: proiektu sozial bat mar­txan jartzea ikus-entzunezko bat egin ahal izateko, oinarrian nire musika izango zuena, eta nire gaixotasuna ezagutarazi eta honi aurre egiteko dirua biltzeko balioko zuena. Hau da, ideiak, elkartasuna eta blind rock. Etengabe birsortu eta berrasmatu behar duzu zure burua, eta zoragarria da. Ez naiz ezertan aditua, baina guztiarekin animatzen naiz».


Bigarren fasea: gidoia
«Lehenengo egunean nik ere ez nekien oso ondo zer egiten ari ginen, eta norabait iritsiko ote zen hau guztia», gogora­tzen du Ibonek. «Horrela hasi ginen, hainbat artistaren agurrak grabatzen, proiektuaren alde. Lehenengo agurra Koma taldeko abeslari eta gitarra-jole eta, momentu hartan, Txarrena taldean bateria jotzen aritzen zenaren eskutik jaso genuen: Brigi Duqueren eskutik, hain zuzen. 2012ko urtarrilean izan zen hori». Ordutik etengabe aurrera egin du proiektuak. Milaka artistaren agurrak jaso ditu Ibonek, proiektuaren alde beren begiak uzten dizkiotela esanez. «Proiektua bizirik dago eta haunditzen ari da; ez da geldiarazi behar». Ibonek sortutako ‘Apaga la luz y verás’ kantua da proiektu honen oinarria. Kan­tu ho­rren lehenen­go ber­tsioa Ro­berto Yabenek egin zuen. «Le­henengo hartatik, 20 ber­tsi­o­tara ere iritsi gara! Zer­baiti ekiten diodanean... kitto! Ez dago geraraziko nauenik! 2012ko martxoan, berriz, Do­nostiako Orfeoiak beste ber­tsio bat grabatu zuen, eta horrek indartsu egin ninduen. Gero, Euska­diko Orkestra Sin­foniko­arekin grabatu nuen bes­te bat! Izugarria izaten ari da!». Horrekin proiektua eza­gu­tzera ematea lortu du Ibon Casasek, eta jendea inplika­tzea. Orain, proiektua bigarren fasean sartu da. «Do­nos­tiako Giza Eskubideen Zi­ne­mal­dian izan gara gonbidatu gisa, eta, nire ustez, zinemaren munduan sartu gaitu horrek. Orain eskatzen dudana da jendeak gidoirako ideiak bidal ditzala, nire kantua eta proiektuak transmiti­tzen di­tuen ideiak oinarri izanda». Giza Eskubideen Zinemal­dian oraindik ere babes haundiagoa lortu du Ibonek. Jose Luis Rebordinos, Zinemal­diko zuzendariak ere, gidoirako ideiak bidaltzera anima­tzeko agur bat ere grabatu du, eta Ibo­nek denetik grabatu du bere gizarte-begiarekin (burura lo­tu­ta eraman duen kamera txikiarekin). «Tease­rra aurkeztu genuen, eta da­torren urterako dokumentala eskatu didate!». Jasotzen ari den babesarekin ere oso pozik dago: «jen­de asko ari zait laguntzen di­ru asko balio duten lanak egiten eta ezer kobratu gabe: webgunea eta sare sozialak ku­dea­tzen, argazkiak egiten...».

«Elkarteen arteko elkarlanerako lehen hazia izan daiteke»
Erretinosis pigmentarioa gaixotasun ezezaguna da. Badira hainbat elkarte, gaixotasun hau dutenek osatzen dituztenak: Begisare Gipuzkoan, eta FARPE Espainiako Estatuan, adibidez. BioDonostia ikerketa zentroan, berriz, gaixotasunaren inguruan ikertzen ari­tzen dira. Ibon Casas guztiekin jarri da harremanetan. «Talde bakoitza bere kabuz aritu da orain arte, eta ni denen laguntza eskatzen ari naiz; elkarlana garrantzitsua da, eta proiektu hau elkarteen arteko elkarlanerako lehen hazia izan daiteke. Hemengo elkarteen babesarekin bakarrik, proiektua mugatuta geratuko litzateke, eta ez du zentzurik. ONCEn lanean aritzen direnek ere lan haundia egiten dute eta dirua lor­tzen dute, nahiz eta ni ez nengoen gustura. Umil jokatu eta denon indarrak batu behar ditugu».

Nola utzi zure begirada?
Modu asko dago Ibon Casasen proiektua babesteko. Batetik, bere webgunea eta sare sozialak jarrai­tzea, proiektuaren ohiartzuna zabal­tzeko:
- www.dametvision.com
- www.iboncasas.com
- www.facebook.com/dameTVision
- www.twitter.com/dameTVision

Bestetik, ikus-entzunezko pro­iek­­tuaren gidoirako ideiak bidaltzea:
n ibon@iboncasas.com
n iboncasas@gmail.com

Emanaldiak
Ibon Casas ez da geldirik egotekoa, eta proiektua bultzatzearekin batera, bere musika zabaltzeko hainbat kontzertu ematen ari da. Donostiako Olatu Talkaren baitan kontzerturen bat edo beste eman du, ‘Apagatango’ emanaldia sortu da...
Gaur bertan, La Fonda taldearekin kontzertu akustikoa emango du Ermuan, eta ekainaren 7an Koldo Mitxelenan ariko da. Interneten ikusi ahal izango da emanaldi hau: http://kmk.gipuzkoakultura.com.net/kmk-zuzenenean.php

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!