Plenoak aho batez onartu zuen asteartean IRPH interesaren aurkako mozioa, Hernaniko STOP Kaleratzeak taldeak aurkeztua. Gobernu Taldeko 8 zinegotzi izan ziren, PSE-EEko 3 eta EAJ-PNVko 2; H1!ekoak ez ziren izan. Mozio honen bidez, Hernaniko Udalak eskatzen dio ekonomia ministerioari uzteko atzerapenak eta lehenbailehen erabaki dezala IRPHaren ordezko interesa zein izango den, legea betez. Horrez gain, entitate finantzieroei eskatzen die, uzteko segituan IRPHa kobratzeari, eta kobratzen hasteko horren ordez kontratuetan jartzen den interesa. Herriko entitateekin harremanetan jartzeko konpromisoa ere hartu zuen Udalak. STOP Kaleratzeak taldeko kideek azaldu zutenez, Kutxabanken kasuan, euribor +1 interesa da ordezko interesa eta hori aplikatuta, 300 edo 400 euro gutxiago ordainduko lukete askok.
Onkologikoa, publikoa izatearen alde
Onkologikoaren egoera dela eta, bi mozio sartu zituzten Plenoan. Mozio bat Bilduk eta PSE-EEk sartu zuten eta bestea EAJ-PNVk. Lehenengoa onartu zen bi alderdi horien botoekin. Bigarrenaren alde jeltzaleek bozkatu zuten eta gainerako bi alderdiek kontra. Gobernu Taldeak eta sozialistek, Onkologikoa euskal osasun sistema publikoaren barruan sartzeko eskatzen dute, hau da, Osakidetzaren barruan. EAJk berriz, Onkologikoaren pribatutasuna onartzen du eta orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzaren eta Onkologikoaren arteko hitzarmena berritzearen alde egiten du.
Adineko zentroetan negoziatzearen alde
Gipuzkoako Zaharren Egoitzetako eta Eguneko Zentroetako langileen egoera dela eta, mozioa aurkeztu zuen LABek. Mozioak 3 puntu zituen eta puntuka bozkatu zuten. Lehenengo puntua aho batez onartu zen. Adegi eta Laresi negoziaketarako eta akordio batera iristeko dei egiten diete. Bigarren puntuak eskatzen dio Adegiri Diputazioari jarritako demanda kentzeko. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen eta EAJ-PNV eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Azken puntuak, dei egiten du lan hitzarmenaren alde egiten ari diren ekimenekin bat egiteko. Aho batez onartu zen.
CD Hernanirekin, hitzarmenak
Udalaren eta CD Hernaniren arteko hitzarmenak aho batez onartu ziren. Atletismo pistaren eta Zubiperen erabilera eta mantenuaren ingurukoak dira. Atletismo pistaren hitzarmena 2015era arte izango da eta Zubiperena 2019ra arte.
Aitor Sarasola,
Kontu hartzaile berria
Jubilazioa tarteko, kontu hartzaile berria dauka Udalak: Aitor Sarasola. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen; oposizioak kontra. Gobernu Taldeak prentsan ateratakoa ukatuz, hau da, `a dedo´ aukeratu dela ukatuz, azaldu zuen Diputazioaren gain dagoela hautaketa eta prozedura legala betez egin dela. Oposizioak argitu zuen, ez duela zalantzan jartzen prozeduraren legaltasuna, baina Udalean gardentasun falta izan dela eta nahasmena sortu duela.
2 alegazio onartuta
Gai ordenean ez zeuden 2 gai ere sartu zituzten eta onartu egin zituzten: alde batetik, hirigintzako ordenantzak biltzen dituen lehenengo liburua izan zen aztergai. Liburu hori jende aurrean egon da eta 5 alegazio aurkeztu dituzte herritarrek. Horietatik 2 onartzea proposatzen zuen Gobernu Taldeak. Gobernu Taldeak eta alderdi sozialistak alde bozkatu zuten; EAJ-PNV abstenitu egin zen. Bestetik, Buruntzaldeko udalen artean enplegua bultzatzeko plana martxan dago eta lankidetza protokoloa beste urtebetez luzatzea onartu zen aho batez.
Sagardoaren elkarte berria, atzeratu
Sagardoa bultzatzeko elkarte berri bat sortzeko prozesuan ari da Hernaniko Udala. Estatutuak bozkatzekoak ziren asteartean, baina atzeratu egin dute.