Eskola Agenda 21 programaren barruan, biodibertsitatea eta kultura aniztasuna landu dute aurten Hernaniko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek eta ateratako ondorioen berri eman zieten Udal ordezkariei asteazkenean. Integraziorako garrantzitsuak, enpatia eta errespetua zirela azpimarratu zuten.
Egoera hobetzeko proposamenak ere egin zizkieten Udal ordezkariei. Kultura aniztasunari balioa emateko hainbat ekimen proposatu zituzten: «herriko sarreretan kanpotar guztiak onartzen ditugula jarri kartel haundietan, elkar ezagutzeko dantza edo kantu ikastaroak antolatu, elkartzeko guneak jarri...». Luis Intxauspe alkateak azaldu zien kontuan hartuko dituztela proposamenak eta herrian dagoeneko martxan dauden egitasmoen berri eman zien: «ongi-etorri plana martxan dago Hernanira etortzen diren guztientzat, etorkinekin lan egiteko Amher eta Banaizbagara elkarteak daude eta ikastaro ezberdinak antolatzen dituzte, kulturarteko astea ere egiten da urtero... Eta urrutira joan gabe, San Joan egunean bertan ekintza ezberdinak izango dira», gaineratu zuen.
Animalia eta landareak ere aztergai
Biodibertsitatearekin lotuta, animalia eta landareen egoera ere aztertu dute ikasleek eta espezie inbaditzaileei buruz ere aritu ziren. Liztor asiatikoa nabarmendu zuten. Udal ordezkariek elkarlanerako dei egin zien arazoari aurre egiteko.
Horrez gain, interes ekologikoa duten puntuen inbentarioa egiteko ere proposatu zuten ikasleek eta kontuan hartuko zutela azaldu zuten Udal ordezkariek. Bide horretan, Epele auzoan, anfibio eta narrastientzako putzu bat berrituko dutela azaldu zuten eta azterketa bat martxan jartzekoak direla.
Zabor eta
txakur kakekin kezkatuta
Parkeetako eta Urumea ibaiko zaborrarekin eta herrian zeharreko zakur kakekin kezkatuta azaldu ziren ikasleak eta garbitzeko eta zakarrontzi gehiago jartzeko eskatu zien Udal ordezkariei. Alkateak esan zien kontuan hartuko zutela, baina konponbidea aurreko lana dela, hau da, ez zikintzea. Ikasleak ados azaldu ziren horrekin eta elkarlanerako prest azaldu ziren.