Bihar Greba Orokorra deitu dute ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek eta Euskal Herriko eragile sozial ugarik. LAB eta ELAko eskualdeko ordezkariek elkarrekin prentsaurrekoa eman zuten atzo Hernanin eta greba deitzearen arrazoiak argi azaldu zituzten: «Alde batetik, instituzio guztiei exijitzeko Rajoyk inposatu nahi dituen murrizketak ez aplikatzea: etxebizitzan, zerbitzu publikoetan, osasungintzan, hezkuntzan, menpekotasunean, pentsioetan, langabezia-sarietan... Eta euskal administrazioei exijitzeko euren politiken errotiko aldaketa». Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko politika eraginkorrak diseinatzea ere eskatzen dute. Eta greba deitzen dute, euskal esparrua lortzeko, aberastasunean eta lanaren banaketan oinarrituko den lan harremanerako eta babes sozialerako. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna bultzatzea ere bada helburu, «eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredu berri bat eraikitzeko».
«Nahikoa da!»
Biharko Greba Orokorra beharrezkoa dela nabarmendu dute sindikatuek: «Nahikoa da! ozen esan behar dugu gure eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean. Horrez gain, greba honek indarrak biltzeko eta borrokatzeko bidea eman behar digu eta bultzada izan behar du Euskal Herriarentzako alternatiba eraikitzeko prozesuan».
Atsegindegin, eztabaida gunea arratsaldean
Bihar, mobilizazio ezberdinak izango dira egunean zehar eta bertan parte hartzeko dei egiten diete herritarrei. Manifestazio nagusia Donostian izango da eta eskualdeko herritarrentzat 11:30etan jarri dute hitzordua Anoetan. Arratsaldean, berriz, herrietan izango dira manifestazioak eta Hernanikoa 18:00etan abiatuko da Plazatik.
Horrez gain, piketeak izango dira goizean, ohiko lekuetan eta arratsaldean eztabaida gunea antolatu dute Atsegindegin, 15:00etatik 18:00etara. Grebari buruzko informazioa egongo da bertan.
Nabarmentzeko enpresa
ugarik, grebarekin bat
Enpresa eta lantokietan batzarrak egiten ari dira oraindik eta atzora arte nabarmentzeko 10 enpresak egin zuten bat grebarekin, Hernanin: Orona, Loire, Sete, Teklan, Kamox, Garbitania, Urduri, Mitxelena, Arquema eta Udalak.