Indarkeriarik gabeko aktibismoa ez da berria Euskal Herrian, urtetan erabili dute bertako hainbat taldek eta horri buruzko dokumentala ikusteko aukera izango da gaur. Ziztadak izena du dokumentalak eta 20:00etatik aurrera emango dute Biterin. Dokumental emanaldia Gazte Asanbladak eta Dobera Euskara Elkarteak antolatu dute elkarlanean.
«Etorkizunari aurre egiten dio bizia, bakea, giza eskubideak... defendatuz» Dokumentalari buruz honako azalpenak ematen dituzte arduradunek: «Azkeneko urteetan indarkeriak eta politikak sortu duten zaratak estali egin du Euskal Herriko indarkeria ezaren inguruko aktibismoa. Nazioarteko mailan oihartzun haundia izandako jarduera eta ekintza ugari isilduak, ahaztuak edo alde batera utziak izan dira. Kukutza, Lemoiz, Itoitz... Borroka horien guztien protagonistek euren eskaerei buruz azalpenak eman eta indarkeria ezaren balio eta indarra nabarmenduko dituzte. Indarkeria ezak etorkizunari aurre egiten dio bizia, bakea, justizia soziala eta giza eskubideak defendatuz eta eraldaketarako bide ematen du prozesu partehartzaile eta horizontalak bultzatuz».
Dokumentalak, hilabeteko azken asteartetan
Dokumentalen emanaldia Gazte Asanbladak eta Doberak martxan jarritako ekimena da eta gaurkoa bigarren emanaldia da. Apirilean izan zen lehenengoa: Den-dena kendu ziguten. Helburua da herriko taldeen arteko elkarlana bultzatzea eta gazteei zuzendutako ekintzak eskaintzea. Hori horrela, dokumental emanaldiak izango dira hilabeteko azken asteartetan. Datozen 3 hilabeteetan ordea (ekaina, uztaila eta abuztua), ez da emanaldirik izango. Irailean hasiko dira berriz.