Ondo irabazi zion Hernanik Beriori atzo, eta etxeko lanak eginda, liga bigarren postuan bukatu dute Iker Dorronsororen mutilek. Play offa jokatuko dute datozen asteetan, eta horixe zen aukera normalena. Izan ere, liga bukaera eroa izan da erabat, eta sekulako borroka jo dute aurreneko hiru taldeek. Atzo Oiartzunek ere ondo egin zituen etxeko lanak, eta irabazi egin zuen; beraz, liga lehenengo postuan bukatu du, Hernanik baino 2 puntu gehiagorekin (78 puntu), eta zuzenean igoko da Hirugarren mailara. Real Union hirugarren geratu da sailkapenean, eta azken arte borrokatu arren, ez du igotzeko aukerarik. Hernanik 76 punturekin bukatu du liga, eta zuzenean igoko zen, Oiartzun hain fin aritu izan ez balitz.
Hernani-Berio, emozioa eta urduritasuna
Ez zen emoziorik falta izan atzoko partiduan. Beriok ez zuen ezer jokoan, baina bizia arriskuan balute bezala jokatu zuten donostiarrek. Ez alferrik; aurrean Hernani on bat zuten, eta 2-0 aurreratu ziren hernaniarrak, Bereziartua eta Plazaren golekin. Geroxeago sartu zuten donostiarrek, eta 2-1 atsedenaldira.
Bigarren zatian Hernani partiduari eustera atera zen, eta urduritasuna nabari bazen ere, plaza erakutsi zuten Dorronsororen mutilek. Halaxe bukatu zen partidua.
Urrezko bi partidu
Aste honetan jakingo da ze bi talderen kontra jokatuko duen Hernanik. Urrezko bi partidu izango dira, denboraldi polit bat errematatzeko balio dezaketenak. Zaleek ere jarriko dute bere hondar alea...