Ana Marín Navarro hernaniarrak Kronikara bidali duen prentsa oharrean dio, Gobernu Taldeak ez diola eskatu nahi enpresari bere egoera konpontzeko. «Gobernu Taldeak badu ahalmena enpresari hori eskatzeko, Udalak enpresa kontratatzeko Kontratu Oinarriek hala diotelako; baina ez du egin nahi».
Ana Marinek ukatu egin ditu Gobernu Taldeak Kronikan kaleratutako prentsa oharrean esandakoak, eta errespontsabilitatea badaukala dio: «Gezurra da Gobernu Taldeak ardurarik ez daukanik. Ez enpresa honek, eta ez Udalak kontratatutako aurreko enpresek ez dute kejarik nik egindako lanarekin, eta hala aitortzen dute. 2012ko abuztuaren 17an gutun bat jaso nuen, esanez, kurtsoa hastean (irailak 1) ez nuela lanean jarraituko. Enpresari galdetu nion zergatik, eta hark esan zidan, udal ordezkariek esan ziotela beste langile bat jartzeko nire postuan. Enpresak esan zidan, udal arduradunei erreklamatzeko erreklamatu beharrekoa. Beraz, Gobernu Taldeak badauka erantzukizuna guzti honetan».
Udalak ez zuela bitartekari lanik egin ere esaten du Marinek: «Gezurra da. Udalak ez zuen arduraz jokatu eta ez zuen bitartekari lanik egin. Udal Zerbitzuetako Zinegotziarekin hitz egiten saiatu nintzen, enpresak gutuna bidali eta berehala. 50 egun pasa ziren hark ni atenditu arte, eta legez, 20 egun neuzkan errekurtso bat jartzeko. Sindikatu batean afiliatu nintzen, aholkularitza jaso ahal izateko. Enpresaren kontra jo nuen, legez hark jarri zuelako beste pertsona bat nire partez, nahiz eta udal arduradunek eskatuta izan. Errekurtsoa azken egunean jarri nuen, eta handik 25 egunetara atenditu ninduen Zinegotziak. Berak aitortu zidan eurek eskatu ziotela enpresari beste pertsona bat hartzeko nire partez, baina fede onez egin zutela; eta gaia epaitegian bazegoen, niregatik zela, eta itxaron egin beharko zela».
Marinek salatzen du, enpresak indemnizazioa eman diola berriz lanean hartu beharrean, eta hori «Erreforma Laboral berriak enpresei ematen dien aukeragatik» dela: «Gobernu Taldearen ustez, epaitegiak neri arrazoi eman, enpresak indemnizazioa ordaindu (1.800 euro), eta horrela konpondu zituen neri eragindako kalte guztiak. Baina hor gauza asko izkutatzen ditu. Batetik, epaitegiak esan zuenean ni modu ezegokian kaleratu nindutela, baita ere esan zuen berriz hartu behar nindutela lanean, eta bitarte horretan kobratu ez nituen soldatak ordaindu behar zitzaizkidala; baina sindikatuek eta Gobernu Taldeko alderdiek hainbeste kritikatzen duten Lan Erreformari esker, epaileak baita ere esan zuen enpresak indemnizazioa ordaindu dezakeela. Eta enpresak zer egiten du? Ba, ekonomikoki gehien komeni zaiona: indemnizazioa ordaindu. Udal ordezkariek nahi badute, nahikoa dute enpresari esatea ni hartzeko berriz lanean; nik 1.800 euro bueltatuko nituzke, eta kitto. Hori balitzateke bitartekari lanak egitea, baina nahi egin behar da. Kontu horiek guztiak, eta xehetasun gehiago alkateari kontatu nizkion bi gutunetan, 2013ko martxoaren 8an eta apirilaren 18an. Erantzunik ez dut jaso, orain arte, Hernaniko Kronikan prentsa oharra irakurri arte».
Azkenik, honakoa dio Marinek: «Beraz, 1) Gobernu Taldeak BAI, badauka ardura honetan guztian. 2) Ez du bitartekaritzarik egin. 3) Erreforma Laboralaren arabera kaleratzea onartu du. 4) Eta ajola zaiona da hau guztia publiko egitea eta nik 800 firma biltzea. Baina egin beharko luketena da INJUSTIZIA hau konpondu».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!