Ximon Etxeberria sagardogilea: «Nahi nuen bertsoak merezi duen lekua izatea Otsua-enean»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 26a, 02:00

Aspaldiko lagun zaharrak el­kartuta, bertso afari ederra an­tolatu dute Otsua-enea sa­gar­dotegian, 25garren urteurrena ospatzeko. Bertsotan, Xe­bas­tian Lizaso, Anjel Mari Peña­ga­rikano, Millan Telleria eta An­doni Egaña ariko dira. Trikiti eta panderorik ere ez da faltako, Xapre eta Furrie­laren eskutik. Kintokoak dira gehienak, halaxe azaldu dio Kro­ni­kari Ximon Etxeberria Otsua-eneako sagardogileak. «Xebas­tia­nekin aspaldiko harremana daukat, anai bat bezala da eta berari komentatu nion zerbait antolatu nahi nuela 25 urte betetzen genituela-eta. Berak hitz egin zuen gainerakoekin eta libre zeudela esan zioten».

Txotx denboralditik kanpo
Otsua-enean aurreko asteburuan bukatu zen txotx denboraldia eta bertso afari hau denboralditik kanpo egitea erabaki du Etxeberriak, «bertsoak merezi duen lekua izateko. Sagardoak eta otorduak izango du bere garrantzia, baina bertsoak ere bai», azaldu du. Bertsolariak librean ariko dira. «Hala izan behar du gainera. Bertsoak etorriko dira bere momentuan; giroak markatuko du», dio Etxeberriak.

Sagardotegiko menua
Bertso afaria maiatzaren 31n izango da eta lekua lehenbailehen hartu behar da: 943 55 68 94. Menua, sagardotegiko menua izango da.

Sagardo polita
Otsua-enean denboraldia on­do joan dela dio Etxeberriak, baina nabari dela jaitsiera. Sagardoa­rekin ere gustora dira. «Sagar­do polita daukagu. Begiekin asko jaten da eta kolore eta txinparta ederra dauzka. Eta ondoren, oso zapore ona».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!