Burgos probintziara antolatu du hurrengo irteera Mendiriz Mendik. Miraveche herritik abiatuko dira, Cantoña mendia (1.356 m) igoko dute eta Pancorbon bukatuko dute. Ibilbidea, Obarenes mendiak izeneko parke naturalean kokatzen da. Parke hori Miranda de Ebroko eta Briviescako lautaden artean dago. Briviesca aldeko lautada hori La Bureba izenarekin ezagutzen da.
Kultura ezberdinen
bidegurutzea
La Bureban aberastasun kultural eta historikoa haundia da. Autrigoien asentatze nagusiena lur hauetan kokatu zen. Geroago, Zelten garaian, komarka horrek garrantzia haundia izan zuen, industria metalurgiko indartsu bat garatu baitzen bertan. Hala erakusten dute Miraveche eta Villanueva de Teba inguruko aztarnategiek. Ondoren erromatarrak, arabiarrak eta kristauak asentatu ziren lur horietan. Beraz, La Bureba beti izan da bide desberdinen bidegurutzea, alde batetik lautada aberatsa zelako eta bestetik mendiak zeharkatzeko pasagune naturalen atea zelako.
Pasagune horiek, Pancorbo eta Oñako haizpitarteak eta Brujulako mendateak dira eta betidanik izugarrizko garrantzi estrategikoa izan dute. Hori da IX. mendean kristau eta musulmanen arteko hainbat guda hemen izatearen arrazoia. Bi bandoek Pancorboko gaztelua zuten helburu, berau kontrolatzen zutenek Gaztelako sarreraren giltza baitzuten.
Pancorbon,
etxeak eskalonatuta
Pancorbo herriak oraindik gordetzen du garai bateko egitura. Herria Orocillo ibaia eta gazteluaren arteko maldetan eraikia dago. Etxeak modu eskalonatu batean kokatuta daude. Alfonso VII erregeak 1147 urtean herriari fueroa ezarri zion eta herriak oparotasun haundia lortu zuen Erdi Aroan bertan kokatu ziren judu batzuen jarduera komertzialagatik.
Klima mediterraneo eta atlantikoko nahasketa
Obarenes mendiak Kantabria mendizerra eta Europako mendikateen artean kokatuta daude. Bere klima, mediterraneoko eta atlantikoko klimen arteko nahasketa da. Horrek, bere orografia konplexuak eta lur mota desberdinek aukera bioklimatiko ugari eskaintzen dituzte eta ondorioz landaretza ugari eta desberdina aurki dezakegu mendi hauetan. Bertan elkarrekin bizi dira pagoak, arteak, erkametzak, artelatzak eta beste hainbat zuhaitz espezie. Horrek guztiak inguruko fauna oso aberatsa izatea bultzatzen du. Parke barruan ohikoak dira penintsula mailan oraindik harribitxi bezala kontsideratzen diren hainbat animalia espezie, hala nola basakatua (Felis sylvestris), igaraba (Lutra lutra), arrano beltza (Aquila chrysaetos) edo otsoa (Canis lupus).
Losina, bertako zaldi arraza
Ibilbidean zehar ziurrenik zaldiak ikusiko ditugu. Losina izeneko zaldi arraza bat da. Burgos probintziako espezie autoktono hau tamaina txikikoa, kolore ilunekoa, ile luzekoa eta oso bizia eta gogorra izateagatik bereizten da. Mendian egoera erdi basatian bizi dira eta bere ezaugarriengatik antzinatik preziatutako arraza da. Galtzeko zorian egon zen.
Miravechek, forma bitxia
Miraveche herriak badu interes paisajistiko berezia. Herriaren inguruan irudimenarekin zirkulu bat marraztuko bagenu, iparraladeko zirkulu-erdian, mendiak ageri dira, herria inguratuz. Mendi horien forma geologikoak oso bitxiak eta ikusgarriak dira. Hegoaldeko beste erdia aldiz, guztiz laua da. Udaberrian eta uda hasieran, gari eta garagar soroek paisai berde ikusgarria osatzen dute.
Datu interesgarriak
·Distantzia: 20 Km.
·Denbora: 5-6 ordu.
·Desnibela: gorantz 800 m; beherantz 900 m.
·Gailurrik altuena: Cantoña (1.356 m).
·Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
·Beharrezko materiala: Mendiko ohiko material arrunta.
·Nola iritsi: Hernanitik irten eta N-1 errepidea jarraituz Miranda de Ebrora hurbildu eta hemendik Pancorbora. Herria zeharkatu eta N-1 errepideari jarraitu Cubo de Bureba herriraino. Bertan N-232 errepidea hartu eta kilometro bat aurrerago Miravecheko bidegurutzearekin egingo dugu topo. Eskuinera hartu eta hiru kilometro egin ondoren ibilbidearen hasiera den herrian gara.
·Noiz: Ekainaren 9an.
IBILBIDEA:
·Herritik irteterakoan bi pista daude. Ezkerrekoa hartu behar da. Bideak gari soroen artean Cantoña mendiaren magalera iritsi arte emeki gora egiten du. Ondoren, bideak gogor egiten du gora (500 metroko desnibela). Goian eskuinera egin eta Cantoña (1.356 m) gailurrera igotzeko azken desnibela igo behar da.
·Ondoren hego-eki aldera jarraitu behar da eta jaisten hasi. 200 metroko desnibela duen jaitsiera egin ondoren lepo batera iritsiko gara. Gailur desberdinek sortzen duten gandorraren goiko aldetik jarraitu behar da. Igoera eta jaitsiera leun batzuk igaro eta Buey
(1.349 m) izeneko gailurra baino lehen dagoen lepora iritsiko gara. Gailurrera igo eta bertan gutunontzia aurkituko dugu, baina bertan La Verdina izena agertzen da idatzita.
·Hemendik aurrera bideak igoera eta jaitsiera leunak ditu. Bueyeko bertize geodesikora iritsiko gara (1.230 m) eta apur bat aurrerago Peña La Liebrera (1.079 m). Azken hau antenez josia dago eta igo nahi ez bada, bere eskuinetik bidezidor bat dago.
·Bideak behera egiten du. 500 metro ingurura, ezkerrera jaiotzen den bidea hartu behar da. Bide horrek Nava Bajera izeneko depresiora eramango gaitu. Depresio osoa zeharkatu eta bideak behera, ipar-eki aldera, egiten duenean, bidea utzi eta eskuinera, mendebaldera, jotzen duen bidezidorra hartu behar da. Bide honek Castilletera (1.038 m) igoko gaitu. Bertan Santa Engracia gazteluaren arrastoak aurkituko ditugu.
·Castillete mendiaren gailurrean, gutunontziaren alboan, begiratoki bat egin dute. Bertatik Pancorboko haizpitarte eta herri aldera bista politak daude. Gailurretik La Bureba aldeko isurian dagoen bidezidorra hartu eta hormen oinarrietatik pasaz Pancorbo herrira jaitsiko gara.