«Lau urtetik behin elkartzen gara, olinpiadekin batera»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 26a, 02:00

ADARRAGATARREN tribua mundu osora zabaldu da azken hamarkadetan. Her­na­nin sortutako familiak Es­painian, Europan, Aus­­tralian eta beste hainbat he­rrial­detan jarraitzen du gaur egun. Baina abiapuntuari eusteko na­hi horretan, hitzordu bat dute lau urtetik behin, joku olinpikoekin kointzidituta. Hurrengo zita beraz, Rio Janeiroko olinpiadetan.

Azken zita, 2012an
Orain zortzi urte inguru erabaki zuten, lau urtetik behin behintzat, elkartzea. Azke­nekoz joan den urtean juntatu ziren, Lon­dreseko joku olinpikoekin batera, uztailaren 27an eta 28an. Agustin Adarragak dionez, ez zen guztientzat erraza izan, krisi ekonomikoak, gaixotasunek... ere eragina izan bai­tzuen, baina espero bezain ondo joan zen guztia: «Txan­txangorrin egin zen ongi etorri festara ezin izan zuten guztiek joan, baina horrek ez zuen festa zapuztu. Juani Adarragak gainera, hain ezaguna den milhojasa ekarri zuen; festarako behar genuen guztia bagenuen beraz!».

Etorkizuna, gazteek
Nahiz eta Hernanitik urruti bizi, hitzordura familia osoak etorri ziren; Zurich, Heidelberg eta Parisetik, Juan Bautista Adarraga ze­naren familia, Emma Schmid buru zutela. Agus­tinek dioen moduan, «tribu» jendetsuena Ani Adarraga Elizaranen familia izan zen, 16 lagunekin. Jose Carlos Reig Hernandezekin ere, Gasteizko familiak ez zuen hutsik egin, eta ezta Lo­groñokoak ere. Eta 86 urteak ondo beteta, Jose Manuel Hernandez Adarraga ere bertan izan zen. Agustinen esanetan, bazkari horretan argi geratu zen sagak baduela etorkizuna, gazteak ohiturarekin jarrai­tzeko gogoz baitira.

Adarrara batzuk, Donostiara besteak
Eguraldia ez zuten lagun izan azken hitzordu horretan, baina behin hemen egonda, bidaia aprobetxatu nahi izan zuten. Agustinek kontatzen duenez, familiko talde ausartena Adarrara abiatu zen, tartean, Ignacio semea eta Alex eta Olivia biloba txikiak: «behe lainoa zegoela ikusten bazuen, berehala buelta emateko eskatu nion». Adina, belauneko arazoak... baziren halako abentura batean murgiltzeko baliabide eta gogo askorik ez zutenak; hauek Donostiara joan ziren, erosketak egitera: «Xavier, Maria Rosa, Emma, Ani eta ni joan ginen Donostiara, erosketak egin, eta noski, Kontxako badian argazkiak ateratzera».

Bazkaria, afaria eta meza
Beste bazkari bat ere antolatu zuten, kasu honetan, Saretxon. Bapo janda, sorpresa bat izan zuten bukaeran, Jose Manuel dekanoa Agur Jaunak abestera animatu baitzen; eta atzetik, han bildutako guztiak. Afaltzeko Oianumera gerturatu ziren, eta Agustinek dioenez, ez zen 2008an be­zain emozionantea izan: «ja­tetxean jarri gintuzten, ez beheko sagardotegian... hu­rrengo aldirako bereziki eskatuko dugu, kupel tartean egon nahi dugula!» Agustinetan ere izan ziren, hildako familiako kideen aldeko meza entzuten; bereziki Carmina de Una­muno Adarraga eta Antton Adarraga Elizaranen aldekoa izan zela gogoratu nahi du Agustinek, aurreneko festa inguruan hil baitziren. Azkenik, Agustinek eskerrak eman nahi dizkie Mikel Elizalde eta Idoia Adarragari, guztia antolatzeagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!