Hernaniko Udalak eta Hernani Wukrorekin GKEk elkarrekin proiektu berria aurkeztu zuten ostegunean Udalean. Batetik, adostu dute Udaleko kideak, kasu honetan, Luis Intxauspe alkatea eta Gobernu Taldeko kide bat Wukrora joatea, herria bertatik bertara ezagutzeko; bidai horretan lagun izango dituzte Hernani Wukrorekin GKEko kideak.
Hainbat helburu zehaztuta, bisita ofizialerako
Bisita ofizial horretarako hainbat hitzordu eta helburu zehaztu dituzte. Batetik, bi administrazioen arteko harremana hastea, kargu ezberdinekin bilduz. Wukroko administrazioak gazteen alde egiten duen lanaren berri ere, izan nahi dute. Bestalde, gazteen inguruko informazioa bildu nahi dute eta normalean hauek egoten diren lekuak ezagutu: eskolak, gazte-guneak, kirol zentruak, ikasketa tailerrak... Gazteek dituzten beharren inguruko informazioa ere, jaso nahi dute; hauen gustuak eta kezkak ezagutu, esaterako. Horretarako, gazteekin biltzea dute helburu. Wukroko jarduera ekonomikoak ere ezagutzeko asmoa badute; eta noski, ingurua bisitatzekoa.
Azkenik, Angel Olaran bera bisitatzeko asmoa ere badute, gertutik bere proiektua ezagutzeko.
Beka bat, urtean
Wukrorekin sinatuko den aurre hitzarmen horretan, Hernaniko Udalak pausu inportante bat emateko konpromisoa hartu du. Helburu du, urtero beka bat ematea, Hernaniko eta Wukroko gazteen arteko harremanak sendotuko dituena. Urtero helburu bat izango luke bekak, baina beti ere, gazteekin lotuta.