gureola Celulosas de Hernani S.A. enpresako 46 langileak kaleratu egin dituzte, eta enpresa likidazio prozesuan da. Joan den irailaren 17tik EREan zeuden langileak, eta modu ofizialean maiatzaren 8an kaleratu dituzte. Juezak erabaki du likidazio prozesua hastea, eta indemnizazioak onartu zaizkie langileei. Batez beste %40 inguru seguru xamar kobratuko dutelakoan daude, Fogasak ordaindu behar dielako zati hori, kasu ezberdin asko baldin badaude ere.
«Oso gogorra izan da»
Langileek Kronikari jakinarazi diotenez, prozesua luzea eta gogorra izan da. Gorka Olazabal izan da enpresako langile komiteko kideetako bat, eta hala azaldu dio Kronikari. «Alde batetik lasaitu eta guzti egin gara, gurekin zer egingo duten erabaki dutelako, baina bene-benetan oso egoera kaxkarrean geratzen gara. Prozesua ere oso gogorra izan da, uztailean argia moztu zigutenetik hor egon garelako, goardiak egiten, eta zer gertatuko zen ez genekiela». Orain ikusteko dago zer gertatuko den enpresarekin berarekin. Norbaitek enpresa hartuko balu, esperantzaren bat egon liteke oraindik, norbait berriz kontratatzeko baina hori oso urruti ikusten dute. Gureolak industrietako paper higienikoa egiten zuen, paper birziklatuarekin.