«Pena bat dut, profesional eta olinpiko gisa eskubaloian jokatu ez izana»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 26a, 02:00

60 urte luzez jokatu izan da eskubaloian Hernanin, eta zu historia horren parte zara. Nola gogora­tzen duzu hasiera hura?
Batxillergoa ikasten nuen nik eskubaloi taldea sortu genuenean, pentsa! zenbat urte pasa diren ordutik... Hama­bost urte inguru nituen, eta Donostian ikasten nuen. Eskubaloia genuen gustuko eta taldea sortzea erabaki genuen Hernanin aurreneko aldiz. 11 jokalariko taldea zen eta Club Deportivo Herna­nirekin jokatzen genuen.

Ikasketak medio, Madrilera joan behar izan zenuen, eta han, 7 jokalarirekin jokatzen zuten. Aldaketa haundia izan al zen?
Egia esan, ez zen aldaketa haundia izan. 18 urterekin Madrilera joan nintzen ICAI ikastera, eta eskubaloian jokatzen jarraitu nahi nuenez, Plus Ultra taldean hasi nin­tzen. 1952an jokatu nuen 7 jokalariko modalitatean, au­rreneko partidua. Baina gure asmoa 11ko modalitatea mantentzea ere bazen; eta bi denboralditan egin genuen saiakera. Goizez, Real Ma­drilen partiduaren aurretik, 11 jokalariko partidua joka­tzen genuen; eta arratsaldean, 19:00ak inguruan, 7ko partidua. Baina erritmo horrek ez zuen askorik iraun, eta 11 jokalariko modalitatea utzi egin behar izan genuen.

Tarte horretan Espainiako selekzioraekin jokatzera deitua izan zinen. Bitan gainera, uko egin zenion. Zergatik?
Bai, 19 urte nituen deitu zidatenean. Aurreneko bi aldietan ez nintzen jokatzera joan, baina ez joan nahi ez nuelako. Esan bezala, Madrilen ari nintzen ikasten, unibertsitatean, eta aitak ez zuen nahi ni deszentratzerik. Selekzioak deitzen zidanean, bera ni bai­no lehenago enteratzen zen, eta ez esatea erabaki zuen; gaztelaniazko esaerak dioen moduan, ojos que no ven, corazon que no siente. Sekretuak ez zuen askorik iraun, Ortega kapitainak aitari kasurik egin ez, eta berandu bazen ere, esan egiten baitzidan. 7 jokalariko modalitatean jokatzera deitu zidatenen gero. Zara­gozan nintzen orduan, eta Heraldo de Aragon egunkariagatik enteratu nin­tzen selekzioarekin jokatzera deitua izan nintzela. Gainera, Espainiako Selekzioak aurreneko aldiz hartzen zuen parte eskubaloi modalitate honetan... Jokalari internazionala izatea zen nire desioetako bat, oraindik ez baitzen olinpikoa... oso mingarria izan zen hori guztia...

Karreraz aldatu eta Zaragozara etorri zinen gero. Hernanitik gertuago zinela eta, CD Hernanirekin jokatzen zenuen berriz, tarteka.
Bai, albaitaritza ikasten hastea erabaki nuen, Zara­gozan. Hemen ere 7ko modalitatean jokatzen zuten eta nik 11 jokalarirekin jokatzeko irrikarekin jarraitzen nuen, eta Hernanik eman zidan aukera. CD Hernanik gonbidatuta, gertutasuna zela eta, Hernanira etortzen nintzen tarteka, Alfonso Mateo taldekidearekin batera. Espainiako txapelketa ari ziren jokatzen or­duan, eta gu errefortzu gisa etortzen ginen, laguntzeko. Finalerdietara iritsi ginen, eta Realak kanporatu gintuen, Txantxillan. Korreoan (trenean) etortzen ginen, igande goizean; eta arratsaldean, Zaragozara buelta.

Ez zen nolanahiko finalerdia izan eta jokatu zenutenok ederki gogoratzen duzue, arbitroaren azken erabaki hura.
Txantxillan jokatu genuen fi­na­lerdi hartan arbitroak la­pur­tu zigun partidua. Bu­ka­tzeko 5 minutu falta zirela, Mue­nenek, Realeko jokalari in­portanteenetakoak (besoa luzatuta jaurtitzen zituen ba­loiak hark, ez gu bezala, ukondoa doblatuta) baloia jaurti eta langa ixkinean jo zuen; baloia noski, zelai ba­rruan geratu zen, errebotea zela eta. Arbitroak ordea, gol pitatu zuen, eta hura iskanbila. Manuel Gonzalezek arbitroa egurtu nahi zuen... Finalerako pasea lapurtu zi­gu­ten, lotsagarria izan zen. Baina noski, Realak jokatu behar zuen finala Atotxan, eta ez Hernanik.

Eta ikasketak bukatuta, Hernanira itzuli al zinen?
1957an bukatu nituen, eta soldaduska Zueran egin eta gero, Luis aitak eskatuta, Hernanira itzuli nintzen, Adarraga Txo­kolateak fabrikan lan egitera. Garai hartan Amaikak Bat taldean jokatu nuen, Donostian (Hernanik ez zuen 7ko talderik urte haietan) eta Sabino Ada­rraga zen entrenatzailea. Gi­puzkoako txapeldun izan ginen 58-59 denboraldian.

Zuk ezagutu zenuen eskubaloia eta gaur egungoa oso ezberdinak dira. Profesionala da orain, kirol olinpikoa. Pena ematen al dizu profesional gisa edo olinpiadetan parte hartu ez izanak?
Madrilen jokatzen nuenean, pro­­fesionala izan ez izanak ematen dit pena, horretaz bizituko nintzen bestela. Hala ere, ez dut uste aitaren oniri­tzirik izango nuenik... Berak guk ka­rre­ra bat ikastea nahi zuen, eta ahalegin guztia egin zuen ho­rretan. Berak bazekien zergatia. Eta noski, nire anaiak olinpikoak izan zirela kontuan izanda, niri ere ilusioa egiten zidan... eskubaloia ordea, ez zen kirol olinpikoa garai haietan... Squasha ere kirol olinpikoa da orain, baina ez nik jokatu nuen urte haietan.

Handik gutxira, Hernani utzi, eta milaka kilometrotara joatea erabaki zenuen.
Maria Rosa Almirallekin ez­kondu nintzen 1959ko abenduan, eta Australiara joatea era­baki genuen. Es­kubaloi tradiziorik ez zen Australian, eta saiakera bat egitea pentsatu nuen, entrenatzaile bezala esperientzia banuen eta, se­nio­rrak eta eskoletako gazteak entrena­tzen. Arazo asko izan nituen ordea: atzerritarra nintzen, ingelesik ez nekien... Eta gainera, unibertsitatera itzuli behar izan nuen, ikasia nuen albaitari karrera ez bai­tzidaten homologatu. Aldake­ta guzti horiekin, desanimatu egin nintzen eta azkenean ez nuen saiakerarik egin.

Hasierako urteak izan ziren horiek ordea. Australian asentatuta, adarragatar bat kirolik egin gabe imagina­tzea ez da erraza... squasha probatzera animatu zinen ezta?
Townsvillen lekua hartuta, Joe Leong famili medikuak galdera bat egin zidan: «euskalduna izanda, pelotan jokatuko duzu ezta?» Hala hasi nintzen squashean jokatzen. Segituan nintzen elite mailan, eta bost urtetan Open jokalari onena izendatu ninduten; 36 urte nituen.

Jaioterritik milaka kilometrora bizituta ere, badakigu Hernani ez duzula ahaztu.
Hernani nire bizia da. Agustin Adarraga de Hernani firmatzen dut. Olinpiadak diren urtean Adarragatarren festa antola­tzen dugu Hernanin, Javier Ada­­rragak, Rafa Montoya Ada­­rragak eta hiruok. Uz­tai­lean egin genuen bigarren al­diz festa hori. Bestalde, ia ur­tero joaten gara Hernanira; huts egiten badugu, Ma­drilen bizi diren seme-alabak Aus­tra­liara etortzen direlako da.

Hernanin gertatzen dena jarraitzen duzula ere, badakigu.
www.kronika.net da nire hasierako orria, interneta irekitzen dudanean. Nire Hernani maitearekin eta euskararekin kontaktuan jartzeko balio dit, eta noski, gertatzen denaz informatzeko. Hau irakurritakoan beste pare bat egunkaritara sartzen naiz, notizi orokorragoak irakurtzeko.


Eskubaloia Hernanin

Hernaniko beteranoek exibizioa, ekainean

Urte berezia ari da izaten aurtengoa Hernaniko eskubaloi taldearentzat. 10 urte bete dira taldea  de­sagertu zela, eta egindako ibilbidea gogora ekartzeko hainbat ekintza ari dira egiten. Argazki bilduma osa­tzeko asmotan, argazki zaharrak biltzen aritu dira, DVD bat egingo dute eta festa haundi bat egitekoak ere, badira. Horren harira, eskubaloi exibizioa antolatu dute ekainaren 8an, eskubaloiean ibili zirenak erakartzeko asmoz.   


Etorkizunean talde berria sortzeko nahia
Talde bat lanean ari da, eskubaloia berreskuratu nahi baitute etorkizunean Hernanin. Oraindik pausu asko geratzen dira hori egi bihurtzeko, baina bide horretan aurrenekoa, datorren ekainaren 8an emango dute. Eskubaloi exibizioa antolatu dute Hernanin, herritarrek kirol hau gertutik ikusi eta ezagutu dezaten. Neska eta mutil beteranoek jokatuko dute; eta hauez gain, parte hartu nahi duten guztiek ere, izango dute aukera. Horretarako, 669 845 896 telefonora deitu behar dute. 


Hernanin 60 urtez jokatu den kirola
Hernaniarrek 60 urtez jokatu dute es­kubaloian, 1944tik 2003ra. Ehun­daka talde eta milaka hernaniar pa­sa dira taldetik. Txantxillan jokatu zi­ren aurreneko partiduak, 11 lagunekin talde bakoitzean; gerora murriztu zen jokalari kopurua, eta o­n­do­ren, Tilosetan, Atsegindegin... joka­tu ziren, Kiroldegia egin bitartean. Emakumezkoetan Euro­pan joka­tzera ere iritsi ziren. Urte kritikoak, 1997tik aurrerakoak izan ziren; gi­zonezkoen taldea 2002an desagertu zen eta emakumeena 2003an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!