Eraikuntzako langile zirenek eskari gehien, orain arte

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 23a, 02:00

Langabezian daudenei zuzenduta, proiektu berria jarri zuten martxan Daiteke orientazio zerbitzuak eta Hernaniko Udalak. Enplegu gidari zu zeu da proiektuaren izena, eta helbu­rua da lanik gabe dauden pertsonak elkartu eta taldeak sortzea, lana bilatzeko prozesua errazteko eta elkarren laguntza izateko. Proiektuak bost fase ditu eta aurreneko ikastaro edo fasea apirilaren 11n jaso zuten. Berrogei lagun inguruk eman zuten izena, gehienak gizonezkoak, eta eraikuntzan lan egindakoak. Daitekek azaldu duenez, eraikuntzako profila biltegiko lanetara bideratzea izan da hauen helburua, eta ho­rretan aritu dira. Onartuak denak izan baziren ere, kur­tsoa 14 lagunek bukatu dute. Balorazioa egiterako orduan diote, proiektua oso positiboa izan dela, eta aldaketa nabaritu dutela: «motibazio aldetik eta autonomia aldetik asko ikasi dute. Eta konturatu dira, elkarrekin lan egiteak duen garrantziaz» Etorkizunera begira, hilean behin elkartzera konprometitu dira, hasitako lanari segida emateko asmoz.

Proiektu berria:
Helduen zaintza eta garbiketan aritzen direnentzat, ikastaroa

Enplegu gidari zu zeu proiektuaren barruan baita ere, ikastaro berria antolatu dute, geriatriko edo etxeetan helduen zaintza eta garbiketak egiten dituztenei zuzenduta. Bost fase izango ditu, eta maiatzaren 29tik ekainaren 21era emango dute. Izen ematea zabalik, astelehenera arte: 943 33 68 02 edo 943 57 54 24; marijo-m@hernani.net edo jaionea@ daiteke.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!