Beriori irabazita, zuzeneko igoera lortu dezake gaur Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 25a, 02:00

Erregional Ohorezko mailako taldeak bere azken partidua jokatuko du gaur 18:00etan Zubipen, Berioren aurka. Hernani bigarren dago eta zaila izan arren, Hirugarren Mailara zuzenean igotzeko aukera izango luke, gaur irabaziz gero. Horretarako, Oiartzunek galdu egin beharko luke. Zaletuei dei egiten diete Zubipera jaisteko.

Garrantzia haundiko jardunaldia izango da asteburu honetakoa. Ligako azken partiduak jokatuko dira eta gaur erabakiko da ze talde igoko den Hirugarren Mailara eta zeinek jokatu beharko duen Play Offa. Hernani bigarren dago eta oraindik badu zu­zenean igo­tzeko aukera. Ho­rretarako Beriori irabazi beharko dio gaur eta Oiar­tzu­nek galdu egin beharko du. Hernanik Zubipen jokatuko du 18:00etatik aurrera.

Play Offa jokatzeko ere, irabaztea komeni
Hernanik zuzeneko igoera lortzea oso zaila izango da. Beriori irabaztea bakarrik ez da nahikoa izango, Oiartzu­nek galdu egin beharko du eta honek azken postuan dagoen taldea izango du aurrez aurre: Trintxerpe. Oiartzunek irabazten badu eta Hernanik ere bai, bigarren postuan bukatuko lukete txuri-berdeek eta Hirugarren Mailara igotzeko Play Offa jokatuko lukete. Dena dela, bigarren postu hori ere jokoan dago gaur, Real Union 2 puntutara baitauka Hernanik. Irundarrek irabaziko balute eta hernaniarrek galdu, Play Offik gabe geratuko lirateke etxeko mutilak. Berdinketek ere baldintzatu dezakete... Beraz, partidu erabakiorrak izango dira gaurkoak.

«Guztion indarra behar dugu»
Azken partidu honek duen garrantzia ikusita, zaletu guztien indarra behar dutela azaldu dute taldekideek. Hori horrela, ahalik eta zaletu gehien joateko Zubipera, sarrera dohainik izango da. «Azken txanpa da eta guztion indarra behar dugu azken partidu honetan. Gure jokalari guztientzat oso garrantzitsua da zaletuen indarra izatea eta horregatik eskatzen dizuegu Zubipera jaisteko taldea animatzera», dei egin dute. 

Sailkapena:
1. Oiartzun 75 puntu
2. Hernani 73 puntu
3. Real Union 71 puntu
4. Aretxabaleta 66 puntu
5. Berio 53 puntu
6. Hondarribia 49 puntu
7. Bergara 49 puntu
8. Tolosa 46 puntu
9. Aloña Mendi 40 puntu
10. Lagun Onak 37 puntu

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!