Hernanik dagokion mailan jokatuko du beste urtebetez, Ohorezko Mailan. Urduritasuna, hotza, euria, lokatza.. guztiari egin behar izan zioten aurre atzo. Ez zuten duten jokoa erakusterik izan, eta madrildarrak nagusi izan ziren zelaian eta markagailuan: 5-14. Eginbeharreko lanarekin kunplitu zuten ordea, 20 puntuko aldeari eustea. Eta 80 minutuak bukatuta, erronka gaindituta, ospakizunek hartu zuten erreleboa. Urte osoan egindako lanaren saria jaso zuten atzo, trikoloreek.
Alcobendas, dena ematera
Madrildarrek amore emateko asmorik ez zutela bazekiten, eta hala erakutsi zuten aurreneko minututik. Partiduan oso sartuta atera ziren, eta seigarren minuturako egin zuten aurreneko entsaioa. Lehenengo zatiaren minutu gehienetan kontrolpean izan zuten partidua madrildarrek. 28garren minutua klabea izan zen ordea; Hernanik entsaioa egin zuen jokaldi klasikoan: eskasa, maula... eta Esnalek barrura! Atsedenaldira 5-7 joan ziren.
Bigarren zati hasiera aldeketa askorik gabe joan zen. Sufrimendua, 15 minuturen faltan hasi zen: Hernaniko bi jokalari kaleratu zituzten eta bisitariek bigarren entsaioa egin zuten. Azken emaitza, Hernanik 5, Alcobendasek 14.
Filosofia mantenduta
Gogor borrokatuta eta asko sufrituta, baina Hernanik lortu du maila mantentzea. Klubaren filosofia mantenduta lortu dute helburua: etxeko jokalariekin eta behar den ilusioarekin.
Eskerrak, zaleei
Klubak eskerrak eman nahi dizkie denboraldi osoan Landarera gerturatu diren zaleei, gazte eta ez hain gazteei, talde teknikoari, jokalarien prestakuntza eta osasuna zaindu dutenei, zuzendaritzakoei, zelaia zaintzen aritu direnei, delegatuei... «denon artean lortu dugu, Hernani bultzatuz, beste denboraldi batez onenen artean egotea».
Bi zozketa atzo
Bazkideen artean otordua zozketatu zuten atzo, Fagollagan eta irabazlea Andoni Lizeaga izan zen. La Alacena dendak emanda, 5J urdaiazpikoa ere zozketatu zuten atzo. Saritua Goli izan zen eta honek taldeari eman zion irabazitako urdaiazpikoa.
2013-2014 Denboraldia:
Indartsu, datorren urteari begira
Mailari eutsita eta behar bezala ospatuta, datorren denboraldian izango dute burua askok. Taldea nola dagoen galdetuta, Rafa Larretxea eta Joxe Elosegi arduradunek Kronikari aitortu zioten indartsu daudela era guztietan, bai kirol aldetik, bai antolakuntza aldetik. Denboraldi honek askorako balio izan die eskarmentu aldetik, maila ezagutzeko, esperientzia hartzeko... «taldea indartu egin da aurten, eta atzetik datozen gazteek eskarmentu haundia dute». Jarritako helburuak lortzeko bidean zaleen bultzada izango du Hernanik, beti.