- Jose Iñazio Salaberria -
gaur bete dira 81 urte, Iruñeako Asanblada egin zela, eta Euskal Estatutuak ezezkoa jaso zuela, iruzur haundi baten ondoren. Lau bozketatan baiezkoa jaso ondoren, egun hartan, 1932ko maiatzaren 19an, emaitzak ezezkoa eman zion Euskal Estatutuari, 16 alkatek iruzur egin zielako euren herritarrei, eta euren herrietan baietz bozkatu arren eurek ezezkoa edo abstentzioa bozkatu zuten. Geroztik, gure herria negarrez dago, anima zatiturik, gainetik horrelako maltzurkeriarik inolaz ere ez zuen merezi. Egun hartan, Aranoko Martzeneko bordako Paulino Narbarte alkateak eta Goizuetako Bibiano Tomasena alkateak fin jokatu zuten, eta bosgarren aldiz ere baiezkoa eman zioten proposamenari. Nafarroan horrelaxe izan zen emaitza: 109 herri alde, 123 kontra, eta 35 abstentzio. Berez, aldez aurretik Nafarroako herriek horrela bozkatu zuten: 125 herri alde, 115 kontra, eta 27 abstentzio. Herri hauetako alkateek egin zuten iruzurra: Barbarin, Basaburua, El Busto, Girigillano, Irañeta, Mendigorria, Obanos, Sansol, Artajona, Azuelo, Bakaikoa, Iturmendi, Lazaburria, Orreaga, Usar eta Zubieta.
Euskal Estatutua, Getxotik Euskal Herrira zabaldutako ideia, 1931 urtean
Joxe Antonio Agirre zen orduan Getxoko alkatea, eta hark hasi zuen proposamena, bere herrian, Euskal Errepublika osatzeko. Geroztik herriz herri zabaldu zen ideia, eta azkenik, Lizarran bildu ziren lau probintzietako herrietako alkateak, proposamen hori landu edo ez erabakitzeko.
Lizarrako Estatutua
485 herrik onartu zuten
1931 urtean
Ordurako Eusko Ikaskuntzak egina zuen aurreproiektu bat, eta egun hartan, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 528 herrietako ordezkariak elkartu ziren Lizarran, 1931ko ekainaren 14an. Lizarrako Estatutua deitu zioten, eta 485 herrik bozkatu zuten alde.
Gernikan, 15 kideko taldea sortu zen, Espainiara proposamena eramateko
Lizarrako erantzun ikaragarriaren ondoren, Gernikan egin zen beste biltzar bat, eta 15 kideko talde bat aukeratu zen, era guztietako politikariz osatua, eta Estatutua Madrilen defendatuko zuena. Talde hartan 4 gipuzkoar ziren, 4 nafar, 6 bizkaitar eta arabar bat. Testu hura, 32 orrikoa, Joxe Antonio Agirrek entregatu zuen Madrilgo korteetan. Estatutu hark zioen lau lurraldeek elkartuta behar zutela, beren bereizgarriak mantenduz, Nafarroak askatasun gehiago behar zuela, hiriburua Iruñea izango zela, eta euskera gaztelaniaren maila berean izango zela.
Estatutuaren kontrako kanpaina eta Iruñako Asanbladako iruzurra Ondorengo hilabeteetan batzuk Estatutuaren alde lanean ari ziren bitartean, beste batzuk kontrako propaganda haundia egin zuten, eta horrela, giro erabat korapilatsuan iritsi zen Iruñako Asanblada erabakiorra. Bertan, Nafarroa aparte geratu zen Estatutu horretatik, lehen esandako iruzurra dela medio, eta guztira 354 boto alde eta 137 kontra izan arren, euskal lurraldea zatituta geratu zen gaur arte.
Bi esaldi kurioso, gure historia urte gutxian zenbat aldatu den adierazten dutenak:
Rafael Aizpun UPNko sortzailea, 1932:
«Nafarroak osatu behar du bere anai-arrebekin Euskal Estatutu bateratu bat».
Manuel Aznar (Etxalar) J.M Aznarren aitona:
«Nire herrikide nafar, gipuzkoar, bizkaitar eta arabarrak elkartu ziren bart Habanako Euskal Etxean. Euskaldunek beti bukatzen dute kantuan. Zortzikoa da euskal herriaren espresio bidea, mendialdean; jota da berriz euskal herriaren fenomeno musikala, Nafarroako muino eguzkitsu eta lautada gogorretakoa. Baina, azken batean, euskal hari-mutur bera da, barruko indar bera, erribera eta mendialdea lotzen dituena».