Esnatzen garen momentutik kontsumitzaileak gara ia pertsona guztiok. Ura dela, argia dela, erosketak direla... Eta kontsumitzaileok hainbat eskubide ditugu. Esaterako, labadora berria erosi du pertsona batek eta bi hilabetera hondatu egin zaio, arrazoi jakinik gabe. Kasu horretan, labadora saldu dion dendak edo enpresak kargu egin beharko luke. Halako egoerei buruzko azalpenak emateko, besteak beste, hitzaldia eman zuen Kontsumobideko kide batek maiatzaren 7an, Hernanin. Goiz Eguzki jubilatu etxean izan zen.
Gustatzen ez denean,
legeak ez du biltzen
itzultzeko aukera dagoenik
Pertsona bat kontsumitzailea da legearen aurrean, erosten duen produktua edo zerbitzua norberarentzako denean; etxerako. Kontsumo arazoak edo gatazkak, berriz, honako kasuetan izango dira: zerbait erosi eta ondo ez dabilenean, kontratatutako zerbitzuak hitzartutako baldintzak betetzen ez dituenean... Kasu horietan, kontsumitzaileak erreklamatzeko aukera izango du eta horretarako daude kontsumitzaileentzako zerbitzuak: Kontsumobide, erkidego mailan, eta Kontsumitzaileen Bulegoa, Hernanin.
Kasu batzuetan, berriz, ez dira kontsumo arazoak izango eta kontsumitzaileak ez du arrazoirik izango. Esaterako, produktuak itzuli daitezke hondatuta daudelako, baina ez, gustatzen ez direlako. Gaur egun, denda batzuek onartzen dute eta dirua ere itzultzen dute nahi izanez gero, baina legeak ez du hori biltzen, Kontsumobideko kideak azaldu zuenez.
Dena dela, edozein zalantzaren aurrean Kontsumobidera edo Kontsumo Bulegora jotzeko gomendatzen dute.
Erosi aurretik informatu eta ondoren frogagiriak gorde
Aholku batzuk ere eman zituen Kontsumobideko kideak. Zerbait erosi aurretik oso garrantzitsua dela informatzea nabarmendu zuen: prezioak eta baldintzak konparatu, eskatu eta gorde aurrekontuak, kontratuaren baldintzak irakurri firmatu aurretik...
Horrez gain, behin produktua erostean, frogagiria, tiketa edo faktura ondo gorde behar dela azaldu zuen. Erreklamazioak egiteko beharrezkoa baitira. Erreklamazioak egiteko epea, garantiak zehazten du edo sinatutako kontratuak.
Hainbat eskubide
Kontsumitzaileek hainbat eskubide dituzte: salgai dauden produktuen inguruko informazioa jasotzeko eskubidea dute eta informazioak jarria egon behar du eta argia izan behar du: kartelak, etiketak, publizitatea, instrukzioak…; erreklamazio orriek eskuragarri egon behar dute; produktu seguruak izan behar dute; osasunari kalterik egiten ez dioten produktuak izan behar dute...
Arazoa dugunean, zer egin?
Kontsumo arazoa dagoenean, lehenengo bidea, produktua saldu duen dendarekin adiskidetasunean arazoa konpontzen saiatzea da. Bide horretatik ezin bada, bide administratibora jo behar da: Kontsumitzaileen Bulegora edo Kontsumobidera. Erreklamazio orria betez egiten da.
Erreklamazioarekin ere ezer lortzen ez bada, beste aukera bat eskaintzen du Kontsumobidek: Kontsumoko Arbitrajea. Kontsumobidek bitartekari lanak egingo lituzke. Bide judizialera jo aurreko pausoa litzateke. Bide azkarragoa da eta doakoa. 6 hilabetetan laudoa edo erresoluzioa emango litzateke. Bide hau boluntarioa da, beraz, kasu honetan ere adostasunik ez badago, bide judiziala geratuko litzateke. Luzea izaten da eta kostu haundikoa.
Erreklamatu nahi dena 2000 eurotik behera denean, Pertsona Kontsumitzaileen Elkarteak egingo lituzke ordezkari lanak, dohainik. Hainbat elkarte daude: EKA, EHKB, EKE...