«Etorlurrek tasatu gabe erosi zituen AMRko lurrak, eta 16 miloi euro galdu ditu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 18a, 02:00

Floridako AMRko lurrak 28 miloian erosi zituen Etor­lur enpresak, eta gaur egun 9-12 miloi artean balio dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu duenez. Diputazioak dio, operazio ba­ka­rrean 16 miloi euro galdu direla, bere garaian tasatu gabe erosi zirelako lur horiek, eta finantzaketa bideak aztertu gabe. Diputazioak dioenez, Etor­lur enpresa publikoa egoera oso la­rrian dago, se­kulako di­ru­tzak galdu omen dituelako Gipuz­koan egindako hainbat operaziotan. Floridako AMR­koaz gain, Orbegozoren bulegoak berritzea ere sartzen dute tartean. Guztira, 20 miloi euroko galerak omen ditu Etor­lurrek, eta likidatzeko puntuan omen dago. Kontuak berriz formulatuko ditu Diputazioak, eta erremedio bat bilatzen saiatuko da, Iñaki Errazkinek adierazi duenez. Errazkin da Inguru­meneko eta Lurralde Antola­ketako diputatua, eta Etor­lu­rreko lehendakaria.

2006an sinatutako operazioa
Floridako AMRko lurrak 2006­an eskuratu zituen Etor­lurrek, eta guztira 28 miloi euro ordaindu zizkion AMR enpresari. Hiru partek sinatu zuten hitzarmena: Etorlurrek, Hernaniko Udalak eta AMRk. Ondorioz, AMR enpresa le­kuz aldatuko zen, Ibaiondo poligonoko partzela batera, eta gutxienez 10 urtean Her­nanin jarraitzeko konpromisoa hartu zuen. Etorlurrek AMRri erosi zizkion Flori­dako lurrak, etorkizunean 300 etxebizitza egiteko asmoarekin. Ordainketa horrela egin zen: 5 miloi euro inguru espeziatan, alegia, Ibaiondoko partzela hori AMRri emanda; eta gainerako 23 miloi euroak dirutan. Diputazioaren txostenak dioenez, garai hartan ez ziren tasatu Floridako lurrak, eta ez zen kalkulatu finantziaketa nondik eta nola lortuko zen. Gaur egun, lur horiek tasatu dituzte bi enpresek: batek dioenez 9 miloi euro balio dute, eta besteak dioenez 12 miloi euro. Berez, kasurik onenean, 16 miloi euro galdu direla dio Diputazioak. Horrez gain, Diputazioak bere txostenean adierazten du Hernaniko Floridako hirigin­tza eragiketa ezin izan dela egin, eta ez du zehaztu aurrerago zein den asmoa, edo zer erabakiko duen lur horiekin.

Orbegozoko bulegoetan 3 miloi euroko galera
 Urte haietan, baita ere, Etorlurrek Orbegozoren bulegoen edifizio zaharra berritu egin zuen, Ibaiondo industrialdean. Edifizio horrek bost pixu ditu eta garajeak. Guztira 3.650 m2. Proiektuan aurreikusten zen, beheko pisua kafetegi eta jatetxe moduan jartzea, eta baita lokal komertzial bat jartzea ere. Goiko solairuetan bulegoak jarri ziren. Sotoan, garajeak. Diputazioak dioenez, oraindik bulego bakarra saldu du Etorlurrek, eta beste bi eman ditu alkilerrean. Guztira, 3 miloi euroko galera dela dio Diputazioak, beste lokalik saltzerik lortzen ez den bitartean.

Etorlur, desegiteko zorian
Etorlur enpresa Diputazioa­re­na da %100ean, beraz enpresa publiko bat da. Helburua: Gi­puz­koako lurrak gestiona­tzea, batez ere azpiegitura in­dustrial eta babestutako etxebizitzak sortzeko. Diputazioak dio, Etorlur desagertzeko zorian dela, pi­latu dituen zorrak bere kapital sozialaren %50era iristeko zorian direlako, eta kasu horretan enpresa likidatu egin beharko litzatekeelako. Hori ez gertatzeko, Diputa­zioa konponbide bat bilatzen saiatuko da, «operazio espekulatzaileetan sartu gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!