«Arroka tartean izkutatuta ere, lupiak sumatu egingo zaitu»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 19a, 02:00

«Askotan gorde egiten gara arroka tartean. Arrai txikiak dabiltzan tokian, harrapakariak ere han ibiltzen di­ra: lupiak, adibidez... lupiak sumatu egingo zaitu, nahiz eta ez ikusi, eta inguratu egin­go da...». Kepa Alber­dik gutxik bezala ezagutzen ditu gure itsaso bazterrak, eta hor ibiltzen da astean 3-4 egunez, Zarauztik Hondarrabira bi­tarteko uretan. Gipuzkoako txapela irabazi zuen iaz, Eus­kadikoan 3ga­rren izan zen, eta Espai­nia­koan 13garren. Donostian jaio eta hazia, baina Hernanin 21 urtez bizi da Alberdi, eta Kronikari kontatu dizkio kirol honen xehetasunak.

Urpeko arrantza, arnasari eustea baino gehiago
Ehizean bezala, urpeko arrantzan ere senak edo su­mak dauka sekulako garran­tzia. Arraia non egon litekeen, nola inguratu eta ezustean harrapatu, nola egon zai... ho­ri dena ur-azpian, eta oxigeno bonbonarik gabe. «As­kok uste dute urpeko arran­tzalerik one­nak direla arnasari gehien eusten diotenak. Hori ez da horrela. Sena haundia behar da, uretan mugitzen jakin, arroka artean, eta noski fisikoak ere badu zer ikusia. Amnea esaten zaio arnasik gabe irauteko kapazitateari, eta hor errekorra 11 minutuan dago. Gu 1:30 minutu inguruan ibiltzen gara; baina 4-6 orduz, igo eta jaitsi».

Itsas-kabrak, kongrioak, lupiak... baita korkoiak ere
Muxar asko harrapatzen ditu Alberdik (%90 inguru) eta lupiak ere dezente. Horiek dira itsas-ertzeko arrai nagusiak, 0-20 metro bitartean. Hortik aurrera, ordea, maiz izaten da sorpresa on bat, eta azkenean nahiko bariatua izaten dute arrantza. «Itsas-kabrak, olagarroak, kongrioren bat, urraburua (dorada). Urraburua zaila da, hondartza inguruan izaten delako batipat, eta han harkaitzik gabe, segituan ikusten zaitu». Itsasoa ezagutzen ez duenak ideia faltsuak izaten ditu batzuetan. Adibidez, korkoia entzunda atzera egiten du jendeak, baina 5 korkoi klase ba omen dira, eta bat, oso goxoa: «5,600 kg-ko korkoia harrapatua naiz ni. Kanpotik etortzen den bat bada, negukoa, ezberdina, itxura batean hemengoa eman arren. Ezkata haundiagoak, ezpaina behekaldean etena, eta saihetseko hegatsa be­gi­rai­no iristen zaio. Hara­gi txuri-txu­ria dauka, eta oso goxoa!». Zailenak, haundienak, goxoenak... Urraburua harrapatzen zaila da (urtean 4-5), eta bixigua ezinezkoa; ez ez dagoelako, baizik eta daudenak 200 metrora egoten direlako. Horiek dira harrapa­tzen zailenak, baina haundienak zein dira, eta goxoenak? Alberdik baditu bere errekor pertsonalak: 9,5 kg-ko lupia, 2,7 kg-ko muxarra, 20 kg-ko kongrioa, 5 kg-ko olagarroa, 4 kg-ko urraburua, 18 kg-ko meroa, 8 kg-ko dentoila, 11 kg-ko urta, 1,100 kg-ko barbarina... Eta goxoenetan berriz, gus­to kontua izango omen da, bai­na dudarik ez dauka: muxarra. «Lupia ere goxoa da baina ez du muxarraren gustorik. Lu­piak arrai txikiak jaten ditu, eta muxarrak berriz karramarroak, itsas-trikuak, lanpernak... zer jaten duen bakoitzak, halako gustoa dauka».

Itsaso mugitua hobea...
Arraiak oso urduri egoten omen dira itsasoa geldo da­goenean, eta hargatik, mugitua hobea da arrantzarako. «Arraia hobeto izkutatzen da, eta konfiantza haundiagoz ibiltzen da itsaso mugitua denean. Nik 2,5 me­tro­ bitarteko olatuetan arrantza egiten dut; hortik aurrera arrisku­tsua da». Alberdik dioenez gure itsasoa ez da txarra arrantzarako. «Hau ez da leku txarra, baina badira leku ikaragarriak arrantzarako: Cadiz eta Galizia, adibidez».

Txalupa hartu, eta onttotan bezala, «nere txokoetara»
Perritxulariekin konparatzen du Alberdik bere burua. «Nere puntuak baditut, eta hara joaten naiz. Egunean 3-4 puntu begiratzen dira, ea zorterik badagoen». Bera bezala ibil­tzen diren 400 arrantzale inguru daude Gipuzkoan, federatuta daudenak eta lizentzia dutenak, eta denek badituzte beren trukoak. «Niri erliebeak gusta­tzen zaizkit, eta zuloak. Arraiak ez zaitu ikusi behar, bestela ospa egingo dizu. Bera ezustean harrapatu behar duzu, eta gehienez 3 metrora bota behar diozu, bestela ez duzu inoiz joko». Gaur egungo teknikak ondo etortzen dira urpeko arrantzarako: sonda, GPSa eta abar.

«Drogarik gogorrena bezalakoa da niretzat»
Kepa Alberdik 16 urterekin erosi zuen lehenengo txalupa, eta inoiz ez dio utzi or­duan hasitako zaletasunari. «Dro­garik gogorrena bezalakoa da niretzat hau. 15 egun ezin di­tut pasa itsasora joan gabe. Her­naniko kaleen izenak ez ditut ezagutzen eta Donos­tia­koak ere ez, baina itsasoa bai, itsasoa ondo ezagutzen dut».

Urpeko bitxikeriak: Deskonpresioa, arrisku haundiena
Ur azpian ibiltzeak arrisku haundi bat dauka: deskonpresioa. Zer da hori? Urpean asko aldatzen dira gauzak, adibidez, koloreak pixkanaka galdu egiten dira: lehenengo gorria (hargatik dira arrai asko gorriak), gero bioleta, gero laranja... Ur azpian beste gauza bat ere aldatzen da: presioa. Ur azpira goazela urak presio bat egiten digu, eta hori oso arriskutsua izan liteke, deskonpresioa egiten ez badugu. Hainbestean behin, sudurra tapatu, haizea bota, eta tinpanoa bere onera ekartzen da. Horrela, 20 metro ingurura arte, ez dauka gorputzak arriskurik. 40 metro inguruan, arriskua asko haunditzen da, eta gauza gehiago hartu behar dira kontuan. Kontu egin, 40 metrora, 5 atmosferako presioa dugu, alegia, oxigeno molekula bat bost aldiz txikiagaoa da kanpoan baino.

Txapelketak: Iaz, Gipuzkoako txapeldun
Kepa Alberdik Gipuzkoako txapela irabazi zuen iaz, eta Euskadiko 3garren saria lortu. Espainian 13ga­rren izan zen Cadizen, 45 urpekari onenekin lehian. Datorren urtean berriz joan nahi du txapelketara.

Urpekaritza eskola: APSAS elkartea
Donostian bada elkarte bat urpekaritzako modalitate asko lantzen dituena, arrantzatik hasi eta argaz­ki­gin­tzaraino: APSAS elkartea. Kepa Alberdi bertako bazkidea da, mundu honetan hasi nahi duen guztiei gomendatzen die haiekin kontak­tuan jartzeko: 943 44 50 55 edo emailez: apsas@apsas.es.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!