Urumeako zikinkeria garbituko dute gaur, auzolanean

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 18a, 02:00

Urumeako ibaiertzak garbitzeko deialdia egin dute gaur. Hernaniko Udalak, Ere­ñotzuko Auzo Udalak, Ara­noko Udalak eta Goizuetako Udalak egin dute deialdia eta auzolanean ibaiaren hainbat puntu garbituko dituzte. Herritarrek ere hartuko dute parte eta autobusa izango dute joan-etorrirako. Ho­rretarako, aurrez izena eman behar zen. Autobusak puntu eta leku ezberdinetatik aterako dira: 08:30etan, Hernanitik aterako da (Atsegindegiko autobus geltokitik), Goizue­ta­ko plazatik eta Aranoko Xauxarko lepotik. 08:40etan, berriz, Ereñotzutik aterako da (Txokolatenea ondoan da­goen autobus geltokitik) eta Aranoko Kaxetako kruzetik. Izena eman dutenek segurua ere izango dute.

3 ingurutan, koadrilatan banatuta
Koadrilak antolatuko dira garbiketarako eta 3 ingurutan ariko dira: Fagollagan eta Ugaldetxon, Gipuzkoan; eta Abañon, Arranbiden eta Olatxoko errekan, Nafarroan. Azken urteetako uholdeek eta erabilera desegokiek ibai ertzetan zaborra pilatzea eragin dute, eta bereziki puntu horiek garbituko dituzte oraingo deialdian.

Ondoren, hamaiketakoa
Zikinkeria biltzen 11:30ak ingurura arte ariko dira eta ondoren, autobusetan Benta Berrira joan eta hamaiketakoa izango dute zain. Bueltako ordua 13:30ak inguruan izango da.

Maila guztietako instituzioak eta herritarrak, batera
Egitasmo hau, Guratrans proiektuarekin lotuta dago, hau da, mugaz gaindiko ibaien egoera hotzeko proiektuarekin (Pirineotako mendebaldeko muturreko mugaz gaindiko ibaien kudeaketa partehartzailea). Eta elkarlanean antolatu dute, udalez gain, honako instituzioek: Nafarroako Gobernuko CRA­NA fundazioak, Euskal Auto­nomi Erkidegoko URA agen­tziak, IHOBEk eta Gipuzkoa­ko Foru Aldundiak. Hori horrela, bilketa ho­nek bere garrantzia baduela azaldu dute antolatzaileek, «maila guztietako instituzio­ak eta herritarrak elkarrekin ariko direlako auzolanean».

Arropa egokia eramateko gomendioa
Garbiketarako materiala an­to­latzaileek jarriko dute: es­ku­larruak eta poltsak, hain zuzen. Aurreratu dutenez, garbiketa ibai bazterrean ba­karrik egingo da, uretara sar­tu gabe. Dena dela, baten ba­tek uretan sartzea erabakiko balu, berea izango litzatekeela erantzukizuna azaldu dute. Horrez gain, au­zolanean ariko diren boluntarioei gomendatu diete garbiketarako arropa egokia eramateko: xira, botak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!