Bolari puntakoak ikusteko aukera izango da gaur Hernanin, Gipuzkoako 29 onenak bertan izango baitira, Etxeberrin, Benta Berriko bolatokian. Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, 09:00etatik 13:30etara, eta parte hartzaileek 08:30etarako bertan egon beharko dute, zozketa egiteko. Bertan izango dira 4 hernaniar: Rosa Mª Santos, Miguel Burugain, Miguel Arrozpide eta Antonio Miner. Egun batean jokatzen da txapelketa hau, eta 8 onenak aukera izaten dute Euskadiko Txapelketa jokatzeko. Urteko egun haundiena izaten da hau bolarientzat, eta bi tiralditara erabakitzen da denboraldiko onena zein den. Burugainek Kronikari esan dionez, atzo 25 bat bolari Floridan izan ziren, bolatokia probatzen, Segura, Zerain, Urnieta eta abarrekoak. Ez da gaur bromarik izango!
Aurtengo onenak
Bola denboraldia bukatzen ari da, eta aurtengo onenak zein diren ari dira erabakitzen. Gipuzkoako Kopan, azkenean P. Lazkano izan da onena, 235 brila botata. Antonio Miner ere lehenengo postuan ibili zen, baina azkenean atzera geratu zen, eta hernaniar onena Burugain izan zen, 6garren postuan.
Erregularitate Txapelketa (txapelketa guztien batuketa) Xeferino Agirrek irabazi du 742 brilarekin. Burugain, 7garren izan da, 691rekin; Arrozpide 10garren, 676rekin; eta Miner 12garren, 669rekin.