Txalapartaren lehena, oraina, eta etorkizuna ezagutzeko aukera izaten ari da egun hauetan Hernanin. Iraganera joanda, ostegunean hitzaldia eman zuen Daniel Garcia de la Cuestak; X-XIII mendeetan Asturiasen txalapartaren inguruan idatzitako oharrekin ikerketa egin du eta jasotako informazioa azaldu zuen. Atzo, txalaparta eta etorkizuna uztartu zituen Sagar Mekanikoa taldeak Biterin: txalaparta eta elektronika bat eginik. Eta gaur, oraina izango da protagonista; txalaparta doinuak zuzenean entzungo dira egun osoan, festa eguna baita, egun haundia.
Erromeria eta saio libreak, eguna hasteko
Festa eguna eguerdiko 12:00etan hasiko da, Tilosetan. Txalaparta erromeria antolatu dute; saio libreak izango dira, bertaratutako txalapartariek eskainiak. Gainera, Hernani Musika Eskolako alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeak izango dituzte lagun bertan, eta kalebueltan.
Eguerdi partean, 14:00ak inguruan, bazkaltzera elkartuko dira goizean ttakunaren hotsak zabaltzen ibili direnak, eta arratsaldean espektakulua eskaintzera gerturatu direnak. Bazkarirako Txartelak aldez aurretik erosi behar dira, 22 euroan.
Jaialdia, arratsaldean
Arratsaldeko jaialdia izango da ziurrenik eguneko ekitaldi nagusia eta aurtengo jardunaldietakoa. Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariek emango diete hasiera espektakuluari. Eta ondoren, txalapartarien txanda izango da; batetik Hernaniko txalaparta eskolako kideak izango dira; eta bestetik, inguruko herrietatik etorritakoak: Andoaindik, Faltzesetik, Sestaotik, Txalama Arabatik, Iparraldetik eta Tarragonatik. Eta aurten gainera, Zuaznabartarrak eta Goikoetxeatarrak ere, bertan izango dira.
Merkatu txikia
Txalapartaren inguruko disko, liburu, DVD eta materialarekin merkatu txikia jarriko dute egun osoan zehar, Tilosetan.