Hezkuntza zentruetan sekulako mugimendua sortu du LOMCE legeak, edo Wert Legea gisan ezagutzen denak. Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza Ministroak aurkeztu zuenetik, hainbat protesta egin dira lege horren kontra, baita Hernanin ere. Espainiako Parlamentuak datozen hilabeteetan onartu lezake legea, «aspaldiko atzerapauso haundiena eragingo duena», Begoña Bitorikak dioenez, Sortzen Ikasbatuaz elkarteko kideak.
Hitzaldia izango da bihar, 19:00etatik aurrera, Udaletxeko Areto Nagusian. Antolatzaileak: Sortzen Ikasbatuaz, EIGE, Sarean, eta BIHE hezkuntza elkarteak, eta LAB, ELA eta STEE sindikatuak.
Azterketa kontrolatuak
Begoña Bitorikak dioenez LOMCEk aitzakia gisa erabili du Europako Pisa txostena, eta hor oinarrituta Espainia osoan hezkuntza lege bera aplikatu nahi du. «Hiru zutabe nagusi jarriko dira: matematika, zientzia, eta irakurmena. Azterketa horiek beraiek bidaliko dituzte, eta denek prestatu beharko dute horretarako». Bitorikak dioenez, ordea, ez da hori txarrena, baizik eta ze hezkuntza eredu bultzatu nahi den. «Ikasleak eta ikastetxeak selekzionatu egin nahi dira. Ikasle txarrak eta onak, lehenbailehen bereiziaz. Bikaintasuna sarituko da. Ez duzula balio nik esandakoa ikasteko? Lanera. 14-15 urterekin lan mundura bideratu nahi dira ikasle txar horiek. Emaitzen arabera, ikastetxeekin ranking bat egingo dute. Onenak saritu egingo dira, eta baliabide gehiago eman».
Erlijioa eta hizkuntza
Bitorikak dioenez, erlijioa berriz bueltatuko da ikastetxeetara, eta D eredua dudan dago. «Katalunian gertatu bezala, haurra A ereduan matrikulatu nahi duenak eskubidea du hori egiteko, herrian A eredurik eskaintzen ez bada ere. Horregatik, ikastetxeak eman egin beharko dio. Erlijioa katolikoa izango da, eta hautazko bezala hartu ahal izango da, eta ikastetxea behartua dago eskaintzera».
Horrez gain, LOMCE legeak botere haundiagoa emango dio zuzendariari, Bitorikak dioenez, eta Eskola Kontseiluari erabakia kenduko dio.
«Denoi eragingo digu»
Katalunia eta Galiziako ikastetxeekin protestak bateratzen ari dira euskal ikastetxeak, eta gizarteari eskatu diote laguntzeko borroka horretan. «Ikasle kritikoak ez dira bilatzen, baizik eta eurek esandakoa ondo ikasiko duten ikasleak. Hori oso txarra da gizartearentzat, eta denok nozituko dugu etorkizunean».