Bere garaian Hernani egon zen Ohorezko A mailan, baina urte kaxkarrak ere izan ziren. Berriz indarra hartzen noiz hasi zen?
Orain dela 14 urte, 98-99 denboraldian, Euskal Ligatik estatu mailara igo ginen eta inguru horretan hasi zen errugbia berpizten. Mailara egokitzen joan ginen pixkanaka, harrobia lantzen ere bai, eskoletan informazioa zabaltzen… Eta horren fruitua da orain daukagun guztia.
Ze izan zen klabea orduan?
Jendeak atzetik egin zuen lana. Lehendik zeuden jokalariak mantentzeko lana egin zen, baina baita harrobia hobetzeko ere. Jendeak lan asko egin zuen harrobiarekin.
Horrez gain, Ben Ben entrenatzaile gisa ekartzea ere apustu haundia izan zen. Horrek ere beste bultzada bat eman zion errugbiari. Errugbia ikusteko beste modu bat ekarri zuen eta harrobiko entrenatzaileek ere jaso zuten hori. Frantsesek alde haundia ateratzen digute eta asko dugu beraiengandik ikasteko.
Zuentzat azken partidua izango da igandekoa, urte asko egin dituzue errugbian, zerk bultzatu zaituzte hainbeste urtetan jarraitzera?
Gehienbat, taldean dagoen giroak. Jendea animoso dago beti gorantz egiteko eta horrek jarraitzeko gogoa ematen dizu. Azken urtea berriz, lehenengo mailan jokatzea zer den ikusteko. Lehenengo aldia zen guretzat. Beti genuen buruan lehenengo mailan jokatzea eta lortu duzula ikustea polita da; amets bat bezala, bete dena.
Jendeak normalean lehenago uzten du. Aje haundia al daramakizue zuek? Lesioak…
Bai, normalean jendeak lehenago uzten du. Zaila da, alde batetik, lanarekin uztartzea. Lesioengatik ere batek baino gehiagok utzi egin behar izan du… Baina gustatuz gero, dena errazagoa da.
Horrez gain, etxean ere asko lagundu digute guri. Laurok dugu familia eta bikoteek lan gehiago egin behar izaten dute guk jokatu ahal izateko. Esaterako, gu hemen gaudenean beraiek geratzen dira umeekin. Asko eskertzen diegu egin duten guztia.
Alcobendasen aurkako azken partidu hau nola ikusten duzue?
Berezia izango da. Alde batetik, ikusten duzu zure eginkizuna, nolabait esateko, beteko duzula. Taldea mailaz igo da eta urtebete pasa eta gero, hor mantentzea lortuko dugu. Garrantzi haundia du horrek. Ilusio haundiagoa egiten du taldea lehenengo mailan uzteak, lehenengo mailan jokatu izanak baino. Igotzea beti izan dugu helburu eta behin igota, mantendu egin behar dugu.
Mailari eutsiko diozuela segurutzat jo daiteke, 20 puntuko aldearekin, etxean…
Beraiek indarrean etorriko dira eta gu ezin gara konfiatu. Gainera, jarraitzaileek ez dute merezi partidu ziztrin bat. Eta pertsonalki ere, partidu ona egin eta zapore onarekin bukatu nahi dugu. Egia esan, baldintzak aldeko dauzkagu eta horregatik inoiz baino gehiago eman behar dugu.
Eta zuek uztean, nola geratuko da taldea? Nola ikusten duzue?
Oso ondo. Jende gaztea gogoarekin eta indarrarekin dago. Asko entrenatzen dute eta oso serio egiten dute lan, guk bere garaian baino gehiago (barrez). Egia da, oinarria ere orain hobea dela. Lan egiteko moduan dena aldatu da: entrenatzaileak… Gu pixkanaka joan gara mailara egokitzen, baina beraiek badakite zer den lehenengo maila.
Gainera, gu laurok aurrelariak gara eta jende asko dago aurrerako. Alde horretatik ere ez da hankamotz geratuko taldea.
Jokalari bezala azken partidua duzue, baina taldean edo klubean jarraitzeko asmoa baduzue?
Bai, beti dago zeregina eta hemen ibiliko gara. Gure indarra, gure lan egiteko modua horixe izan da, etxekoekin eta gazteekin lan egitea eta horretan jarraituko dugu, ahal duguna eginez. Ez gara egun batetik bestera joango.
Bukatzeko, zerbait gehitu nahiko zenukete?
Herritarrak animatu nahi ditugu partidua ikustera etortzeko. Giro polita egongo da eta baita 3garren denbora ere.
Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiegu klubean lanean aritu diren guztiei, zuzendaritzari, besteak beste. Eraman duten politikagatik, kanpoko jokalariak ez ekartzeagatik, nahiz eta zaila izan askotan. Harrobi filosofia horretan konfiatu dute eta horrek eman ditu fruituak. Horregatik jokatu dugu guk lehenengo mailan, bestela agian ez genuen jokatuko.