Urumearen ibaiertzak garbitzeko deialdia egin dute larunbatean Hernani, Ereñotzu, Arano eta Goizuetako Udalek. Lauek bat egin dute ingurumena eta bereziki ibaiaren ekosistema babesteko erronka honetan. Udan asko dira egun pasa edo arratsalde pasa Urumea bazterrera gerturatzen direnak, eta asmoa da, garai honetarako ibaiaren egoera hobetzea eta bide batez, bisitariak kontzientziatzea.
Garbiketa, koadriletan
Fagollagan eta Ugaldetxon, eta Abañon, Arranbiden eta Olatxoko erreketan egingo dute garbiketa. Azken urteetako uholdeek eta erabilera desegokiek ibai ertzetan zaborra pilatzea eragin dute, eta bereziki puntu horiek garbituko dituzte oraingo deialdian.
Antolatzaileek eskularruak eta poltsak eramango dituzte garbiketa egiteko; eta azaldu dutenez, garbiketa ibai bazterrean bakarrik egingo da, uretara sartu gabe. Auzolanean ariko diren boluntarioei gomendatu diete garbiketarako arropa egokia eramatea, hala nola, xira, botak...
Izena emateko
azken eguna, bihar
Garbiketan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik eta bihar da azkeneko eguna. Horretarako: Hernanin, 900 840 090 edo atez-ate@hernani.net; edo Ereñotzun, 943 55 10 00 edo ereinotzu@hernani.net.
Autobusa, joan etorrirako
Joan etorria egiteko autobusa izango da herri bakoitzetik. Hernanikoa Atsegindegitik aterako da 08:30etan; eta Ereñotzukoa 08:40etan Txokolateneatik. Buelta 13:30ak aldera egingo dute.
Auzolan honetan
parte hartzeko deia, Urgardenek
Kronikara bidalitako oharrean, Urgardenek azaldu du beste konpromiso batzuk medio, ezin izango duela Udalek antolatutako auzolanean parte hartu. Hala ere, herritarrei dei egin diete parte hartzera: «ea denon artean ibaiaren egoera hobetzen dugun».