«Hernanik ere sufritu zituen 1813ko abuztuaren 31ko ondorioak»

Kronika - Erredakzioa 2013ko mai. 12a, 02:00

Hitzaldia, afari tematikoa eta dokumental proiekzioa antolatu dituzte, hurrenez hurren, maiatzaren 14an eta 16an, eta ekainaren 4an.

Urte gogorrak izan ziren Gipuzkoarentzat eta bereziki Donostiarentzat 1794-1814 bitartekoak, Konbentzio ge­rra­tik Frantsesterako urteak. Aur­ten 200 urte beteko dira Do­nostia sa­kea­tu zutela eta su eman ziotela. Hernani Erro­tzen taldeak hi­tzaldia antolatu du asteartean,  Xosé Este­vez historialariarekin. Gertae­ra hauen aurrekariak eta bere teoria propioa kontatuko ditu, 19:30etan, Biterin.


Aurrekari asko: Konbentzio gerra, hiru inperioen arteko gatazka... Estevezek abuztuaren 31­ko gertaeren aurreko urteak az­tertuko ditu, gertatu zena ko­katu eta ulertarazteko in­ten­tzioarekin. 1790 eta 1814 urte bitartean Gipuzkoaren egoera aztertuko du lehendabizi, ikuspuntu ekonomiko, soziologiko, demografiko, ideo­­lo­giko eta politikoak landuz.
Historialariak dio, Kon­ben­­tzio gerra izan zela aurrekarietako bat, 1793-1795 urte bitartean. Beste aurrekarietako bat Napoleonen ejertzitoak markatu zuela azaldu du; 1808-1814 bitartean hartu baitzuen hiriburua. Eta azkenik, Europako inperioen arteko gatazkak ere, eragin zuzena izan zuela dio historialariak: batetik, Napoleonen Frantziak geroz eta indar gehiago zuen; Britanikoa zen ordea, momentu horretan Europan agintea zuena; eta azkenik Borboniko Espainola, gainbeheran zegoena.
Aurrekarien tesi horretaz gain, Donostian gertatu zenaren teorioa propioa badu historialariak. Azken urtean ikertzen aritu da, eta horren berri emango du hitzaldian.


Hernanin ere, ondorioak
Donostia izan zen zalantzarik gabe kalte gehien jasan zituen herria, baina Xosé Estevezek dionez, ingurukoek ere sufritu zuten han gertatutakoa. Familia eta zauritu asko geratu ziren etxerik gabe, eta inguruko herrietara joan behar izan zuten, tartean, Hernanira. Gainera, aliatuen tropek herria hartuta zuten. Beraz, garai hartan jendez gainezka zegoen herria, eta Udalak aurre egin behar izan zien sortutako gastuei, arruinatu arte.


Afari tematikoa, ostegunean
Paskual Larunberekin afari tematikoa antolatu dute ostegunean, 20:30etan, Gunean. Nafarroan ondasunekin gertaturikoaz ariko dira, diotenez, Elizak bere izenean jarri baititu herriarenak diren hainbat ondasun. Afarira joateko izena eman behar da aldez aurretik 943 55 60 11 telefonoan.


Dokumentala, ekainaren 4an
Azkenik, eta zikloarekin bu­katzeko, Donostia 1813 Hiru inperioen biktima dokumentala jarriko dute ekainaren 4an, Biterin. Aurretik, azalpenak emango dituzte Andrea Etxa­niz eta Beñi Agirrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!