Martxo hasieratik martxan da MUGI txartela, Gipuzkoako garraio publiko guztietan erabili daitekeen txartela. Hernanin, lineako bi autobusetan eta herri barruko autobusean erabili daiteke; eta baita RENFEN ere, azken honetan, tarifa ezberdinarekin. Gutxigorabehera 14.500 hernaniar dira garraio publikoa txartel honekin ordaintzen dutenak.
«EAEko lehenenengo
lurraldea gara sistema
bateratuarekin»
Euskal Herrian Gipuzkoa da lurralde bakarra tarifa bakarra duena garraio publiko guztietarako. Larraitz Ugartek, Garraioetako Diputatuak azaldu duenez, oso pozik daude proiektuarekin, Gipuzkoako garraio publikoa lehiakorra, bateratua, bidezkoa eta iraunkorra delako: «ez da lan erraza izan proiektua diseinatzea eta kudeatzea, sistema goitik behera aldatu behar izan baitugu. Zailtasunak gainditu ditugu, eta egun bakarrak gara EAEn».
Hernanin
500 eskaera inguru
14.000 hernaniar inguru ziren Lurraldebus txartela zutenak, eta horiei, zuzenean tramitatu zaie Mugi txartela. Horiez gain, bereziki eskatu dutenak, 500 inguru izan dira. Larraitz Ugarteren esanetan, Gipuzkoarrek orokorrean begi onez ikusi dute Mugi sistema berria: «harrera ona egin diote, gehien bat, tarifa sistema berriak eskaintzen dizkien onuragatik. Deskontu haundiak eskaintzen dizkie garraio publikoa gehien erabiltzen dutenei».
Mugi proiektua,
taldelanaren emaitza
Diputatuak dio, zalantzarik gabe, Mugi proiektuaren arrakastak zerikusi zuzena duela talde lanarekin: «Mugi asmo haundiko proiektua da, haundiegia bakarrik egin ahal izateko. Zentzu horretan, erakundeen eta erabiltzaileen lankidetza ezinbestekoa izan da».
Bestalde, Diputatuak erabiltzaileek egindako lana ere azpimarratu nahi du. Dio, hauek bereziki egokitu behar izan dutela sistema berrira: «oso lan ona eta eraginkorra egin dute, eta horri esker, Gipuzkoako 360 autobus baino gehiagok, eta Euskotreneko eta Renfeko 59 geltokitan baino gehiagok dute Mugi txartelerako makina».
«Zailtasun nagusia
aldaketa bera izan da»
Luzea izan da Mugi sistema ezartzeko prozesua, eta bidean izandako zailtasunen artean, haundiena aldaketa bera izan dela dio Ugartek: «prozesua behar bezala burutu bada ere, bai herritarrek bai eragindako eragileek denbora behar izan dute sistema berrira egokitzeko». Epe horretan, herritarren informazio eskaera asko jaso dituztela aitortu du Ugartek, eta Diputazioak hori aurreikusia zuela: «berehala antzeman genuen behar hori, eta hasieratik informazioa emateko zerbitzuak indartzea erabaki genuen».
Bezeroei arreta emateko bulegoa Donostiako Easo kalean dago, 74 zenbakian. Bestela, 943 000 117 telefonora deitu edo www.mugipuzkoa. com helbidean sartu eta bertan egin kontsulta. yy