Promozioa irabazten badu Hernani nola dago datorren denboraldirako? Hori izan liteke askok buruan darabilkiten galdera. Erantzuna oso argi eman diote arduradunek: oso indartsu. Oso indartsu era guztietan, bai kirol aldetik, antolakuntza aldetik, ilusio aldetik... «Egiten duguna egiten dugula pozik gaude denboraldiarekin. Hala ere, aurten mailari eutsiko bagenio, datorren urtean ez ginateke jaitsiko. Sendotu egin da taldea, eta atzetik datozen gazteak eskarmentu haundia hartu dute. Ekonomikoki ere beste taldeak ez daude inbertsio haundiak egiteko moduan, eta hori ere gure alde daukagu».
Denboraldi hasieran sorpresa
Sorpresa haundia eman zuten hernaniarrek denboraldi hasieran. 22 partidutik lehenengo
6-7 oso onak egin zituzten, eta gero etorri zen gainbehera. Dena dela, ez zituen ezustean harrapatu horrek. Iraolak, Polidorik eta Bolik eman dizkiote xehetasunak Kronikari: «Kalendarioa gure aldekoa zen hasieran. Bagenekien ze talderi irabazi geniezaiokeen, eta haiexek tokatu ziren hasieran. Gero galdu beharrekoak galdu, eta bigarren buelta jendez oso larri hasi genuen, eta irabazi beharreko partiduak galdu egin ziren. Azken partiduak oso txarrak ziren, onenen kontra, baina taldeak gora egin du, eta galdu arren, itxura oso ona eman dugu». Polidorik dio errematean failatu dutela. «Askotan beste taldea guk nahi genuen lekura eraman, eta huts egin dugu, ahoko zuloan genuen jokaldia. Partidu asko galdu ditugu juxtu-juxtu, gure erruz. Horrek izen bat dauka: esperientzia falta»
Jubenilen lana aipagarria
Gaztea da Hernaniko taldea, baina ez horregatik, zaildu-gabea. Aurten 12 jubenilek jokatu dute eta 7-8 jubenil erabat ibili dira errotazioetan. Aurten klabea da mantentzea, datorren denboraldian gazte horiek beren jokurik onena eman dezaten.