SEI urte eta gero, agur esan
diozue areto futbolari.
Zaila izan al da erabakia?
Denboraldiak aurrera egin ahala erabaki dugu. Taldekide guztientzat noski, zaila izan da erabaki hori hartzea, denon afizioa baita areto futbola. Beti esan izan dugu areto futbol talde bat baino gehiago zela guretzat. Koadrila bat gara, kirola egitera elkartzen dena; hori izango da batez ere, hemendik aurrera faltan botako dudana.
Beraz bi afiziorekin egin duzue bat, kirola eta lagunartea?
Bai, elkarrekin egoteko aitzakia izan da taldea. Kirola lagunartea sortzeko erabili liteke, giro onean momentu atseginak pasatzeko... Hala ere, oso lehiakorrak gara, eta beti irabaztera atera izan gara. Eztabaidaren bat edo beste izan dugu horregatik, gero konplikazio haundirik gabe konpondu izan diren eztabaidak.
Hitz gutxitan, nola definituko zenuke Yone Boutiquen ibilbidea lehendabizi, eta Horbel Tabernarena ondoren?
Urte oso onak izan dira, jende ezberdina pasa da taldetik, baina sintonia, gure arteko harremana mantentzen saiatu gara. Talde federatu bat egitea erabaki genuen, probintzia mailako kategoriarik gorenera iristeko. Hori irabaztea zen gure helburua, eta joan den urtean lortu genuen; beraz, hasierako erronka hori bete genuela esan liteke.
Aurten, zoritxarrez, lesio asko izan ditugu, bestela gerra asko emango genuen... Azken hiru emaitzak ikusi besterik ez dago, hiru aurrenekoei irabazi baitiegu.
Zu izan zara entrenatzailea urte guzti hauetan. Taldea mantendu al da? Nola eboluzionatu du?
Entrenatzailea baino gehiago arduradun lanetan aritu naiz. Probintzia mailako lehenengo kategoriara igo ginenean, eskarmentu gehiagoko entrenatzaile baten laguntza izan genuen denboraldi batean.
Taldekideei dagokienean, blokea, oinarria, beti jokalari berdinek osatu izan dugula esan liteke. Eta urtero animatu izan dira bi edo hiru jokalari berri. Guztira, 30 jokalari inguruk jokatu dute Yone Boutiquen edo Horbel Tabernan. Batzuk berehala utzi zuten taldea, eta izan dira denboraldi bat baina gehiago geratu direnak.
Errelebo falta izan da taldea
desagertzearen arrazoietako bat. Areto Futbolak ba al du
etorkizunik Hernanin?
Talde hauetan inportantea izaten da nahikoa jokalari izatea; hala, norbaitek asteburu pasa joan nahi badu, edo beste konpromisoren bat badu, arazorik ez izateko. Eta lesioak... nahiko jokalari ez badituzu, arazo bera. Denboraldi honetan zortzi pertsona ingururekin jokatuko dugu, eta horrek eragin du nekea.
Eta etorkizunari begira, gustatuko litzaidake kontrakoa esatea, baina ez dut uste Hernanin areto futbolak etorkizun askorik duenik.
ESKER HITZAK: «Eskerrik asko guztioi areto futbolak Hernanin duen izena lortzen laguntzeagatik: patrozinatzaileei, prentsari, afizioari eta noski nire jokalariei. Azken hauei bereziki, une ederrak pasa ditugu elkarrekin, eta ziur nago faltan botako ditudala».