Urtero bezala, ez du hutsik egingo Txalaparta Festak. Bihar hasiko da eta datorren larunbatera arte luzatuko da. Bihar, ohi bezala, ibilaldia izango da txalapartari historikoen etxeetan barrena. Sausta izango da lehenengo baserria eta Lasarteko Buenos Aires aldapa beheko errotondan elkartuko dira, 10:00etan. Biderako bakoitzak bere otordua eraman beharko du. Eguraldi ona egiten badu, bukaeran festa txiki bat izango da eta antolatzaileek mokadutxo bat prestatuko dute. Ibilbidea, honako baserrietan: Sausta, Barriola-Barkaiztegi, Egaina-txiki, Bilandegi eta Erbitegi-Etxeberri. Sagar Mekanikoaren emanaldia Datorren ostegunetik larunbatera egunero izango dira ekintzak. Ostegunean, esaterako, hitzaldia izango da. Ostiralean, berriz, Sagar Mekanikoaren emanaldia izango da Biterin. Sarrerak 6 euroan egongo dira salgai. Ostiral gauean, Txalaparta Party Apartaz gozatzeko aukera izango da.
Egun nagusia, gaur zortzi
Gaur zortzi izango da egun nagusia. Ohi bezala, erromeria eta bazkaria izango dira eta arratsaldean, Jaialdi Nagusia. Euskal Herriko txalapartari ezberdinek hartuko dute parte.