Ibai Mendi dendak oinetakoak lortuko dizkio merke-merke, beste urtebetez, Jokin Lizeagari. Mendi lasterketetan ibilitzen da Jokin Lizeaga urnietarra, punta-puntan. Joan den urtean, besteak beste, laugarren bukatu zuen Munduko Kopan. Ibai Mendirekin akordioa du joan den urtetik, behar dituen zapatilak lortzeko. Koldo Alkorta dendako arduradunak dio, ahalik eta merkeen lortzen dizkiotela zapatilak, Lizeagarentzat benetako laguntza izan dadin: «Ternuak arropa ematen dio, baina zapatilak falta zituen eta guregana etorri zen Euskal Selekzioaren bitartez. Gu konprometitu ginen oinetakoak ahalik eta merkeen lortzera, eta momentuz, akordioa beste urtebetez luzatu dugu. Berak esaten digu zein oinetako modelo nahi dituen eta guk horiek lortzen dizkiogu»
Jokin, zer suposatzen du
zuretzat akordio honek?
Laguntza haundia da. Gainera, oinetakoak probatzeko aukera izaten dut horrela. Prezio polittean lortzen dizkidate gainera... guztia Ibai Mendiri eskerrak.
Bosgarren urtea duzu
aurtengoa lasterketetan. Guztien artean, joan den urtekoa benetan berezia izan zen, ezta?
Joan den urtea benetan ederra izan zen, besteak beste, laugarren bukatu nuelako Munduko Kopan. Montcalmeko froga irabazi nuen, Zegama Aizkorrin bosgarren helmugaratu nintzen... ikaragarria izan zen.
Hasiera batean ez zen urte erraza izan, lesioak medio. Baina Zegama Aizkorrin lortutakoa ez duzu berehalakoan ahaztuko.
Sentsazio oso berezia izan zen. Ez nuen konfiantza askorik lesioa eta gero... Disfrutatzera atera nintzen eta proba erdi inguruan konturatu nintzen 20 aurrenekoen artean nindoala. Gainera, sentsazio ona nuen, gustura ari nintzen, beraz, ahal nuen guztia ematea erabaki nuen, eta bosgarren postuan helmugaratu nintzen.
Aurtengo denboraldia ere ez da nolanahikoa izaten ari. Senpere, Urnieta eta Talai Bidea irabazi dituzu
Bai, gustura ari naiz. Aurten preparatzeko aukera izan dut, eta momentuz, hiru lasterketa horiek irabazi ditut.
Zegama Aizkorrirako ez da asko falta, maiatzaren 26an izango baita. Helbururik bai?
Lehengo urtean lesioa medio, ez nuen asko preparatzerik izan. Aurten gogor entrenatu dut, eta teorian, hobeto egon beharko nuke... Baina beti ez da hala izaten, eta karrera egunean ikusi beharko da. Hala ere, helburua da joan den urteko marka berdintzea, eta ahal badut, noski, hobetzea.
Eta proba hau pasata,
zein dira urte honetarako
beste erronkak?
Udaran Munduko Kopa osatzen saiatuko naiz. Bost froga izaten dira, eta asmoa lauetan parte hartzea da. Lehendabiziko zita Zegama Aizkorri bera. Hurrengo probak abuztutik aurrera dira: 17an AEBko Koloradoko maratoia korrituko dut; eta 24an Suitzako Zermatteko maratoia. Azkenik, azken lasterketa Italian izango da, urriaren 13an. Horiek dira markatuta ditudan helburuak, urtea ordea luzea izaten da, eta lasterketaz lasterketa joan beharko dut.
Lasterketa horiez gain, epe motzean, ekainaren 30ean Espainiako txapelketan hartuko dut parte.
Munduko Koparako puntuazioa nola izaten da?
Bost probetatik hiruk puntuatzen dute. Nire kasuan, lautan hartzen badut parte, hiru proba hartuko dituzte kontuan, denbora onena egin dudan hiru probak.
Epe motz-motzera baduzu beste hitzordu bat ere, Ereñotzuko mendi lasterketa. Oraingoz, zu zara txapeldun bakarra.
Noski baietz, ekainaren 9an. Berezia izaten da gainera, ondoko herrian, jende ezagunarekin... Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta lasterketa guztietan bezala, irabaztera aterako naiz!
Ibilbidea aldatu dute gainera.
Bai, eta niretzat erakargarriagoa da berria. Mendikoagoa, bidezidor gehiagorekin... nire gusturako, polittagoa.
Zirkuitu zailak dituzu
gogoko beraz...
Ahalik eta gogorrago, hobeto. Desnibel haundiko zirkuituak gustatzen zaizkit, oinez egiteko tramo luzeak dituztenak. Iraupena kontuan izanda, 3 ordu ingurukoak.
Ofizioz prestatzaile
fisikoa zara. Horrek lagunduko du noski.
IVEF ikasi nuen eta soin hezkuntzako irakaslea naiz. Afizio bezala, kirolariei laguntzen diet prestaketa fisikoan, txirrindulari eta korrikalariei batez ere. Orain hiru urte inguru Euskal Selekzioko kideak entrenatzeko eskaintza jaso nuen, tartean Oihana Kortazarri... oraindik, tarteka, ematen dizkoit aholkuak.