hernaniko ia maila guztietan egiten ari diren denboraldia ikaragarria ari da izaten, eta horren seinale da azken txanpan jokatuko diren hil ala biziko partiduak. Asteburu honetan lau kategoriako lau partidu jokatuko dira Zubipen, zein baino zein inportanteagoak.
Erregional Ohorezko mailan, sarrera debalde
Irungo Real Union hartuko du Zubipen Erregional Ohorezko mailako taldeak, 18:30etan. Irabaziz gero, 2garren postua ziurtatuko du Hernanik, eta horrekin, 3garren mailara igotzeko play offa jokatzea.
Hala ere, Oiartzunen estropozuaren zain dira. Oiartzuarrak lider dira, bi puntura, beraz, beraiek partidu bat galtzea eta Hernanik hori irabaztea nahikoa litzateke, txuri berdeak lider jartzeko. Erregional Ohorezko mailan aurreneko sailkatuak bakarrik du ziurtatua mailaz igotzea.
Zaleen laguntza ezinbestekoa izango da azken txanpa honetan. Gaurtik hasita beharko dute bultzada hori, eta horregatik dei egin diete hernaniar guztiei Zubipera gerturatu eta taldea animatzera. Sarrera debalde izango da, eta atsedenaldian umeentzako jokoak antolatu dituzte.
Jubenilak,
mailari eustera
Jubenilek 16:00etan jokatuko dute Kostkas Miren Bihotzaren kontra. Hil ala biziko partidua dute, irabaziz gero, atzeko zulotik atera eta mailari eusteko aukera izango baitute.
Kostkas Miren Bihotza taldeak ez du ezer jokoan. Hala ere, nahiz eta hasiera batean neurketa erraza iruditu, gazteek herritarren babesa beharko dutela azaldu dute klubetik, «partidua aurrera atera eta mailari eusteko».
Emakumezkoen Ligan, Hernani-Athletic, bihar
Euskal Herriko Kopa txapelketan hartuko du parte bihartik Hernanik, Emakumezkoen Ligan. Aurkari Athletic izango du, historian aurreneko aldiz Zubipera etorriko den taldea. Partidu gogorra espero dute hernaniarrek, nesken Bigarren mailan, goiko postuetan ibiltzen den taldea baita bizkaitarra. Txapelketako final zortzirenetako partidua izango da biharkoa; eta bueltako partidua datorren asteburuan jokatuko da Lezaman.
Denboraldi txukunari bukaera politta emateko gogoz dira hernaniarrak, eta zaleek, ohikoa ez den partidu bat ikusteko aukera izango dute, Zubipera gerturatuz gero. Neurketa, 16:30etan.
Igotzeko aukera bihar,
Erregional 1go mailan
Erregional 1go mailako Hernanik, Gorengoen mailara igotzeko aukera izango du Gure Txokoaren kontra irabaziz edo berdinduz gero. Herriko jokalariek osatzen dute taldea, eta aurten lorpen haundia dute esku-eskura. Urte askoz borrokatu ostean, Erregional Gorengoen mailan jokatuko dute datorren urtean, dena espero bezala ateratzen bada. Herritarrei eta bereziki gazteei egin diete dei, bihar 18:30etan Zubipera gerturatzeko.