Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) eta hainbat eragilek Greba Orokorra deitu dute maiatzaren 30ean. Eskualdeko LAB eta ELA sindikatuek prentsaurreko bana eman zuten atzo Hernanin, herritarrei kalera ateratzeko dei eginez. Murrizketen eta erreformen aurka, planto egin eta mobilizatzeko garaia dela azpimarratu zuten. Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herrian eredu propio baten alde lelopean izango da manifestazioa. Donostian, 12:00etan abiatuko da. Arratsaldean, Hernanin eta gainerako herrietan izango da.
LAB: «Burujabetza
eskuratzea beharrezkoa da»
«Greba Orokorrerako dei egiten dugu, bizi dugun egoera soziala jasanezina dela adierazteko, aberastasuna banatu beharrean herria pobreziara kondenatzea onartezina dela salatzeko, iragartzen ari diren pentsio erreformari ezetz esateko, azken urteetan inposatu dizkiguten erreformak atzera bota behar direla exijitzeko...», azaldu zuten LABeko kideek. Eta politika propioak aurrera eraman ahal izateko, burujabetza eskuratzea beharrezkoa dela azpimarratu zuten.
ELA: «Patronalaren asmoei aurre egiteko»
ELAk, grebarako honako arrazoiak eman zituen, laburbilduz: «Zerga-politika progresibo eta bidezkoa ezartzeko, aurrekontuak gizartearen zerbitzura jartzeko, pentsioetako murrizketak baztertzeko, soldata jaitsierei aurre egiteko, patronalaren asmoei aurre egiteko, eta azken finean, eskubide sozial eta laboral duinak behar ditugulako».
Akordio sozial zabala,
eragile eta sindikatuen artean
LAB eta ELAk akordio sozial zabala eraiki nahi dute eredu sozial berria sortzeko bidean, «eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko dena». Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen artean lortu nahi dute akordioa eta horretan lanean ari dira. Aurreneko akordio haundia Eskubide Sozialen Gutuna izatea proposatzen dute.