iparralde eta hegoaldeko gizon eta emakumeen ahotsak izango dira protagonista bihar, Hernani´n Musikeko emanaldian. Egunsentiaren kantak izena du emankizunak eta Pier Paul Berzaitz musikariak sortua da. Biharko kontzertua udaberriko hirugarrena eta azkena izango da, Biterin, arratsaldeko 20:00etan. Sarrerak aldez aurretik erosi behar ziren (agortu dira).
Zortzi musikari, tartean Goikoetxea eta Marin
Egunsentiaren kantak proposamenean iparraldeko eta hegoaldeko zortzi musikarik hartuko dute parte, horietatik bi hernaniarrak: Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Estitxu Pinatxo, Erramun Martikorena, Iosune Marin, Oriol Flores, Txema Garces eta Joxan Goikoetxea.
Pier Paul Berzaitz, itzal haundiko euskal kantaria
Pier Paul Berzaitz izango da biharko ahots nagusietako bat. Itzal haundiko euskal kantaria da, eta eskainiko duten emanaldia, xiberutar honen iniziatiba da. 70eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea, Guk taldeko kide gisa. Ordutik, etengabe ari da musikaren arlo ezberdinetan, hala nola, folk estiloan, jazz musikatuan edo pastoral herrikoian. Bere lanetan erraz ikus liteke euskal idazleen poesiak sortzen dion miresmena; Arnaud Oihenart, Xabier Lete eta Itxaro Bordaren testuak musikatu izan ditu, urte luzez.
Estitxu Pinatxok, freskotasuna
Estitxu Pinatxo izango da biharko beste abeslarietako bat. Etorkizun oparoa izateko nahikoa talentu badu beratar honek. Orain gutxi, telebistako La voz saioan hartu zuen parte, eta bertan egin zen publikoarentzat ezagun. Indartsu eta motibazioz betetako gaztea da Estitxu Pinatxo, eta freskotasuna emango dio biharko emanaldiari.
Erramun Martikorena, estilo propioarekin
Erramun Martikorenaren ahots ederra ere entzungo da bihar Biteriko taulagainean. Kolore berezia eta pertsonala du Martikorenak, euskal entzuleek ondo ezagutzen dutena. Estilo propioa sortu du kantari honek, eta Lertxundi, Lete eta Labegerieren bertso gozoak eskaini izan ditu askotan. Bakarrik kantatzera ohituta dago, askotan, musika tresnen laguntzarik gabe. Hala ere, beste kantari eta musikarien ondoan aritua da, tartean, Michel Ducau, Mikel Markez, Joseba Tapia eta Niko Etxart. Biharko saioan lau musikari izango ditu bidelagun.
Magali Zubillagak ahots eztia
Kantatzeko modu pausatua emango dio Magali Zubillagak biharko emanaldiari. Ahots eztia du, eta urteetan zehar bakarkako nahiz taldekako proiektuetan aritu izan da. Horietako bat, 2012ko udan eskaini zuten Amaiur Pastorala; estreinekoz izen bereko herrian taularatu zuten.
Guztiek lau musikari bidelagun
Egunsentiaren kantak emanaldian kantatuko duten abeslari guztiek lau musikari izango dituzte lagun. Bi hernaniar: Iosune Marin gitarrari helduta, eta Joxan Goikoetxea akordeoi nahiz teklatuan, zuzendaritza musikala emanaz. Bestalde, Txema Garcesek kontrabaxua joko du eta Oriol Flores izango da bateria astintzen.
Udaran, gira
Biharkoa, Egunsentiaren kantak emanaldiaren estreinua izango da. Udaran gira egiteko asmoa dute, eta dagoeneko itxi dituzte zenbait leku eta fetxa: abuztuan Atharratzen eta Donibane Garazin, irailaren 14an Parisen; eta urriaren 5ean Donostiako Victoria Eugenia aretoan.