Hernanik Alcobendasen aurka jokatuko du Promozioa eta joaneko partidua bertan izango da. Igande honetan izango da hori eta zaletuak bertara joateko autobusak antolatu dituzte. Txartelak erosteko azken eguna gaur da. Landaren egongo dira salgai, arratsaldean. Txartelaren prezioa 20 eurokoa da. Autobusak Atsegindegitik aterako dira igande goizeko 05:45etan. Azaldu dutenez, ahalik eta zaletu gehien joan dadin Alcobendasera, bidaiaren kostuaren parte haundi bat jokalariek hartu dute beraien gain; lehenengo taldekoez gain, gainontzeko jokalari seniorrek, jubenilek eta neskek, iaz San Joanetako txosnan ateratako diruari esker. «Ez dago aitzakiarik! Bete dezagun Las Terrazas datorren igandean, maiatzak 19an Landare beteko dugun bezalaxe. Denon indarraz, Bultza Hernani!!».
Aurkari ezaguna
Hernanik aurkari ezaguna izango du aurrean igandean: Alcobendas taldea; iaz Hernaniren aurka maila galdu eta aurten Ohorezko B mailako txapeldunorde izan dena. Talde sendoa da Madrildarra. Aurrean arriskutsuak ditu bigarren eta hirugarren lerroak. Hernaniarrek alde dute joan den urteko bloke berdina mantentzen dutela eta talde honek irabazi zuela iaz kanporaketa. Eta horrez gain, aurten jolasteko aukera izan eta beren lekua egin duten jokalari gazteak ere baditu. Norgehiagoka, eguerdiko 12:30etan hasiko da.