Atez Ateko sistema martxan jarri zela hiru urte betetzen dira gaur eta urte hauetan lortutako emaitzen balorazioa eta hausnarketa egin zuen Udal Gobernuak asteartean. Luis Intxauspe alkateak azpimarratu zuen hernaniarrak modu arduratsuan ari direla jokatzen hondakinen gaiaren inguruan: «Ingurumenarekin ardura erakutsi dugu, kutsatzea ez delako eskubide bat eta ezin delako herri kontsulta batean erabaki». Ardura, beste bost arlotan ere azaldu dutela nabarmendu zuen: Banakako ardura, ardura ekonomikoa, jendartearekiko ardura, hezkuntzarekiko ardura eta osasunarekiko ardura; «lurralde osoaren osasunari kalte egiten dioten erabakien kontra gaudelako eta ez dugulako inon erraustegirik eraikitzerik nahi».
EHUko ikerketan oinarrituta
3 urteren ondoren, Atez Atekoak emaitza positiboak eman dituela gaineratu zuen, bai birziklatze tasetan eta baita arlo ekonomikoan ere. Eta argi esan zuen, 5garren edukiontziaren sistema garestiagoa dela Atez Atekoa baino, EHUko ikerketa batean oinarrituta, besteak beste. «5garren edukiontziarekin erraustegia martxan izango genuke eta honen obra eta mantentze kostuak ikaragarriak dira. Horrela frogatzen du ere bai, EHUko sail ezberdinetako ikasleek egindako ikerketak».
Neurri berriak
Udal Gobernuaren ardatza Zero Zabor politikak bultzatzea da eta zentzu horretan zer hobetua badela azaldu zuen Intxauspek eta hainbat neurri hartuko dituztela: «Bilketa sistema hobetuko dugu eta ohitura txarrak egokitu eta praktika onak bultzatu; auzokonposta auzo berrietara zabalduko dugu; eta komertzioetako bilketa sistema hobetuko dugu». Alkateak, hernaniarrak zoriondu zituen, «eguneroko ahaleginagatik. «Aurrerantzean ere, herri eredugarri bat izaten bidelagun izatea espero dugu».