- Itsaso Zubiria Etxeberria -
Jabez aldatzera doa Iradi drogeria. Kale Nagusian dagoen denda da ezaguna orain, baina 1945ean Gudarien Plazako lokal batean irekitako negozioa da. Maiteren aitak, Antton Iradik, egin zuen lan lehenengo hamar urteetan plazako dendan. Zaoria (lur azpian ura bilatzen duena) zen ofizioz, baina lanik ez, eta drogeria ireki zuen. 1955ean, Kale Nagusiko lokalera jaitsitakoan, egin zen ama, Regina Gorrotxategi, dendaren kargu eta 1963ko uztailaren 5ean alabak, Maitek, hartu zuen testigua. Ez da kasualitatea, urtea ez ezik hilabetea eta eguna gogoratzea. Kasualitatea da, denda bere esku hartu zuenetik juxtu berrogeita hamar urte pasatakoan jubilatuko dela, 2013ko uztailaren 5ean. Familiatik datorkio dendari sena; bai aita eta bai amaren aldetik merkatariak izan dira, eta Maite bera da azken generazioa. Bere ondoren denda hartuko duen emakumea oso fina dela esan dio Kronikari, eta drogeri mundutik datorrela. Gainera, hasiera batean dendaren manejua pixka bat hartu arte inguruan ibiliko dela aipatu du: «denbora batean behintzat hemen ibiliko naiz, dendaren martxa pixka bat esplikatzeko, `truko´ batzuk emateko…».
Zein da dendara datorren herritarra?
Gazte asko etortzen da. Baina lehendik hona asko aldatu dena da, etortzen direnak gehiago direla gizonak emakumeak baino. Galderak egitera etortzen da herritarra: nola kentzen da mantxa hau, nola garbitu komuna, moketa… Azkenean hori da guk eskaintzen duguna: gertutasuna. Askotan bazoaz supermerkatu batera, garbitzeko zaila den txokoren bati erremedioa bilatzera, eta hartzen duzu produktu bat, printzipioz zuk nahi duzunerako balioko dizuna. Saiatu eta ezer ez. Berdin jarraitzen du. Proba egiten duzu beste produktu batekin. Ez dagoela modurik. Eta nik esaten diet: baina zergatik egiten duzu hori? Guk, saltzen ditugun produktuak ezagutzen ditugu. Normalean jakiten dugu gauza bat edo bestea zerekin kentzen den ondoen. Hori da gure puntu fuertea, eta klienteak eskertzen du.
Aldatu al da herritarraren erosketa?
Bai, garai batean ez baitzegoen orain dagoen produkturik. Lehen amoniako asko saltzen genuen, lejia, jaboi pusketa… Bueno, jaboi pusketa orain berriz ere dezente saltzen hasi gara. Egon dira urte batzuk jaboi garestienak erosten zirenak, baina berriz ere lehengo produktu batzuetara bueltatzen ari gara. Anilla edo azulete esaten zaiona ere, arropak pixka bat urdintzeko balio duena, denboraldi batean saldu ez den produktua izan da, baina berriz dator bueltan. Orain, lehen ez zeuden produktuak dauzkagu. Horrek aldatu du gehien erosketa. Gaur egun modan dauden supermerkatuak ere konpetentzia dira. Hor ere ikusten da jendeak erosketa ohiturak aldatu dituela.
Zeren bila etortzen da klientea?
Asko mantxaren batekin edo etortzen da, galdetzera ea nola garbitu daitekeen. Gehienak grasa mantxak izaten dira, herdoila ere betiko mantxa bat da… Batzuk etortzen zaizkit esanez, honekin proba egin dut, honela saiatu naiz, bestea bota diot… Ez. Mantxak tratatu egin behar dira. Lehenengo, seguru jakin beharra dago mantxan ematera zoazena erremedio ona den, bestela okerragotu egin daiteke eta.
Nondik ateratzen dituzu erremedioak?
Bueno, nire ama izan da horretan jakintsuena. Noski, bera ere drogeri munduan ibilitakoa… eta oso txukuna beti. Zenbat truku… Adibide bat jartzeko: arropa ilunen bat zikindutakoan, mantxaren gainean produktua botatzen zuen, baina gero non igurtzi ondo jakiteko, mantxaren buelta guztian haritxo bat jartzen zion. Gauza asko ikasi ditut, beraz, amagandik. Saltzen den produktua ezagutu beharra dago. Dendara iristen zaigun produktu bakoitza aurretik probatzen dut nik, eta gustatzen baldin bazait eskatzen dut. Zorionez edo zoritxarrez, ez dakit gezurrik esaten, eta klienteari produktu bat ona edo txarra den esateko, nik ezagutu beharra daukat lehendik. Horrek asko esan nahi du. Kliente bati produktu bat oso ona delakoan saldu eta gero ez badu funtzionatzen, ez da bueltatuko.
Eta nola moldatzen ziren lehen?
Arroparentzat normalean jaboi pusketa erabiltzen zen. Gaur egun ere erabiltzen da, baina orain kontuz ibili beharra dago. Telak ez dira lehen bezain onak, fibra dezente edukitzen dute, eta jaboi pusketak kolorea jaten du. Horretarako, hasi aurretik tela bera zein jaboia bustitzea komeni da.
Garai batean, grasa mantxak jaboi pusketarekin eta amoniako pixka batekin kentzen ziren. Hori bai, lehenengo jaboia eman; ur epeletan, akaso amoniako pixka batekin, beratzen jarri; berriz igurtzi, eta ez bazen kentzen, berriz jaboia eman eta atzera buelta. Lan handia zen. Orain berriz, produktuekin hori erruz aldatu da.
Erremedio gehiago ere bazeuden: grasari talko hautsak botatzen zitzaizkion; gau guztian utzi eta gero zepiloa pasa. Tinta kentzeko onena esnetan sartzea izaten zen, eta hau ere gau guztian utzi. Herdoila kentzeko, ordea, eguzkitan jarri beharra zegoen, limoiarekin igurtzi eta gero.