Goiz Eguzkik 40 urte bete ditu aurten, eta berari egokitu zaio aurtengo San Joanetan txupinazoa botatzea. Asteazkenean eman zuen albistea Pako Goia lehendakariak, maiatzaren 1eko festaren ospakizunetan. Elkarteko arduradunak gustora zeuden albistearekin, eta baita asteazkeneko festa egunarekin ere. Eguraldiari begira ziren arduradunak, eta ez zien hutsik egin, espero zena baino hobea atera baitzuen.
Meza, Ginkgo Bilobaren itzal azpian
Lehendabiziko aldiz, meza eman zuten Goiz Eguzkiko atarian, eta sekulako jendetza bildu zen bertara. Jose Luis Aperribaik eman zuen meza, Ginkgo Biloba haundiaren azpian pulpitoa inprobisatuta. Goiz Eguzkiko abesbatzak kantatu zuen bertan, bezperan elkarte barruan bezain ederki.
Saribanaketa egin zuten ondorenean, mahai joku eta kaleko jokuetako onenen artean. Musean txapeldun: David Inclan eta Jose Mª Arenal; tutean, Claudio Cao eta Jose Lopez; punttuan, Lucas Yuste eta Florian Martin. Kaleko jokuetan, gizonezkoetan Francisco Perezek irabazi zuen, eta emakumezkoetan Sara Merinok.
Goiz Eguzkiko tailerretan egindako eskulanak erakusketan jarri zituzten, eta horren esker onez, elkarteak oroigarri bana eman zien, parte hartutako guztiei.