Harrobi paregabea dauka Hernanik. Halaxe erakutsi dute kadete eta jubenilek Euskal Ligako txapelketak irabazita. Eta Estatuko talde onenekin lehiatzeko prest dira orain. Izan ere, asteburu honetan ekingo diote Estatuko Txapelketari.
Kadeteak, Alacantera
18 urtez azpiko taldeak, hau da, kadeteek Torreviejan (Alacant) jokatuko dute Estatuko Txapelketa. Gaur eta bihar artean jokatuko da. Bertan, liga ezberdinetako txapeldun izan diren 8 talde lehiatuko dira. Aurrena, ligaxka jokatuko dute, lauko bi taldetan. Ondoren, ligaxka horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute eta bertan erabakiko da estatuko txapelduna nor den. Ligaxkako bigarrenen artean, berriz, 3garren eta 4garren postuak erabakiko dira.
Marbella, aurkari
gogorrena
Parte hartuko duten taldeak honakoak dira: Marbella RC, Cajasol Ciencias (Sevilla), El Toro RC (Balear uharteak), CR Sant Cugat, CRC Canoe (Madril), CAU Valencia, CR El Salvador (Valladolid) eta Hernani CRE.
Hernanik, hasierako ligaxkan, Valencia, El Toro eta Marbella izango ditu aurkari. Talde horien maila ez da oso ezaguna, baina gogorrena Marbella izango dela aurreikusten dute.
Hernaniarrek oso liga ona egin dute eta gogotsu doaz Torreviejara. Horrez gain, bueltan izango dira Mikel Paino eta Jon Ander Puertas taldekideak, Estatuko selekzioarekin Cross Border Txapelketa irabazi ostean.
Jubenilek talde gogorra, ligaxkan
Jubenilek (20 urtez azpiko taldea) bihar hasiko dute txapelketa. Aurrena, talde guztiek ligaxka jokatuko dute bi taldetan banatuta; ekainaren 2ra arte luzatuko da hernaniarren kasuan. Ondoren, talde bakoitzeko lehenengo bi taldeek finalerdiak jokatuko dituzte. Talde bakoitzeko aurrenekoa bigarrenaren aurka lehiatuko da, partidu bakarrean, lehenengoaren zelaian. Finalerdiak ekainaren 9an jokatuko dira eta bertako irabazleak aurrez aurre izango dira finalean, ekainaren 15 edo 16an.
Hernaniri talde gogorra tokatu zaio ligaxkan: Santboiana, Valladolideko VRAC, Madrilgo Liceo Frances eta Bartzelonako BUC izango dituzte aurkari. Beste taldean honakoak lehiatuko dira: Alcobendas, Les Abelles, Olimpico de Pozuelo, Mairena eta Sant Cugat.
Hernanik Sant Boin hasiko du txapelketa bihar, Santboianaren aurka. Maiatzaren 12an atseden izango du eta maiatzaren 19an Liceo Frances hartuko du etxean.
Hernaniarrak indartsu
Hernanik oso talde indartsua dauka aurtengoan. 20 urtez azpiko taldeko hainbat jokalarik lehenengo taldearekin jokatu dute partidu batean baino gehiagotan eta lehenengo taldean aritu ez direnek ere oso maila ona eman dute. Hori horrela, entrenatzaileak baikor dira txapelketa honi begira eta konfiantza osoa dute maila ona emango dutela.