Hernaniko lokal bat etxebizitza bihurtu nahi duen herritar batek, ze pauso eman behar dituen eta ze lege edo baldintza bete behar dituen jakiteko, Udal Ordenantzak biltzen dituen I. Liburura jotzea besterik ez du. Izan ere, liburu horretan bildu ditu Udalak hirigintzari dagozkion hainbat ordenantza. Komertzio bat irekitzeko ze lege hartu behar diren kontuan ere azaltzen da. Bertan bildu dituzten legeak ez dira guztiz berriak, baina lehen ez zeuden denak batera eta horrez gain, eguneratu eta hobeto zehaztu dituzte. Ondorioz, proiekturen bat aurrera eramateko bidea erraztu dute. Liburua sei ataletan banatua dago eta 5 ordenantza ageri dira: Eraikuntza-ordenantzak, Hirigintza-ordenantzak, Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, Ostalaritza eta aisialdiko jarduerak jartzeko ordenantza, Ibilerraztasuna bultzatzeko ordenantza eta Udal Etxebizitza Babestua arautzen duen ordenantza. Liburuari hasierako onarpena eman zion Plenoak martxoaren 26an eta orain erakusketan dago maiatzaren 13ra arte. Nahi duenak erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ditzake. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, epe horretatik aurrera behin betiko onarpena izango du. Ordenantzak, helbide honetan: www.hernani.net/eu/berriak/hirigintza. Eta baita udaletxean ere, hirigintza sailean. Bigarren liburu bat osatzen ari da orain Udala.
Etxebizitzak egin daitezkeen lokalak, zehaztuta
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza 2008an onartu zen. Orduan, ordea, zehaztu zen, zein lekutan ezin ziren lokalak etxebizitza bihurtu eta orain zehaztu da, zein lekutan egin daitezkeen. Horrez gain, bete behar diren beste baldintza batzuk ere ageri dira: itxura aldetik, azalera eta neurri aldetik, argiztapen eta aireztapen aldetik, etxebizitzaren sarrerari dagokionean, prezioa… Udalak babestutako etxebizitzak izango dira, tasatuak, eta saldu nahi izanez gero, Udala izango da lehenengo eroslea. Eta bestalde, Udalak jarriko du izan dezakeen gehieneko prezioa. Hori zehazten duen indizea merketu egin da, egungo egoera dela eta.
Komertzioak irekitzeko,
7 kategoria
Lehen, Ostalaritza eta aisialdiko jarduerak jartzeko ordenantzak, 4 kategoriatan banatzen zituen jarduera guztiak, eta orain, liburu honetan, 7 kategoriatan eta hainbat azpikategoriatan banatzen ditu jarduerak. Hori horrela, askoz zehaztuago daude establezimendu bakoitzari dagozkion baldintzak. Taberna bat, izozki denda bat, karaoke bat, bingo bat edo pub bat jarri, baldintzak eta bete behar diren legeak desberdinak dira. Batzuk aukera izango dute alkohola eta janaria saltzeko, beste batzuk ez, bertan zerbitzatzeko aukera izango dute edo ez, ordutegi zabalagoa edo estuagoa, soinu-emisioaren maila altuagoa edo bajuagoa, dantzalekua izatea edo ez, dagokion jolas jarduerarako baimena izatea...
Horrez gain, zehaztuta daude azalera publikoek, sukaldeek, aldagelek, komunek, garbigelek, instalazioek... izan behar dituzten neurri eta ezaugarriak. Establezimendu berriak, aurretik daudenak kontuan hartuta, zenbateko distantziara jarri daitezkeen ere zehazten du.
ETXEBIZITZA BIHURTU DAITEZKEEN LOKALAK
Orkolaga: 7, 9, 11, 17, 12, 14, 16 eta 18 - Fatxada Orkolaga kalera begira duten behe solairuko lokalak.
Elkano: 1 - Fatxada Arantzazu kalera begira duten behe solairuko lokalak (behegaina); 18 - (Izkinako lokala) Fatxada Orkolaga kalera begira duen behegaina.
Antziola auzoa: 30A, 30B, 30C, 46, 48 eta 50 - Behe solairuko lokalak; 40 - Fatxada Sagastialde kalera begira duten behe solairuko lokalak eta erdi-sotoak; 32 - Fatxada Sagastialde kalera begira duten erdi-sotoak.
Gabriel Zelaia: 2, 4 eta 6 - Behe solairuko lokalak.
Etxeberri auzoa: 1etik 10era - Behe solairuko lokalak.
Florida: 159 eta 161 - Behe solairuko lokalak; 5, 7, 46 eta 69 - Behe solairuko lokalak.
Gartzia Goldaraz: 5, 6, 7, 8, 9 eta 10 - Behe solairuko lokalak; 1, 2, 3 eta 4 - Behegaineko lokalak.
Karmelo Labaka: 1 eta 3 - Behe solairuko lokalak.
Agustindarren K.: 8 - Erdi-sotoko lokalak -2 (K. Labaka kalearen gainean dagoen lehenengo pisua).
Sagastialde: 15, 16, 17 eta 18 - Behe solairuko lokalak.
Oarso: 1, 3, 2, 4 eta 6 - Fatxada Oarso kalera begira duten behe solairuko lokalak.
Iturregi: 2 eta 4 - Behe solairuko lokalak.
Aristizabal: 3 eta 5 - Behe solairuko lokalak; 7 eta 9 - Sarrera, barruko plazatik duten behe solairuko lokalak.
Latsunbeberri auzoa: 12, 19, 21, 22, 23, 24, 25, 26, 28 eta 35 - Behe solairuko lokalak.
Latsunbe auzoa: 8, 10 eta 12 - Etxadi-patioan kokatuta dauden behe solairuko eta erdi-sotoko lokalak; 16, 18, 20, 22 eta 24 - Behe solairuko lokalak.
Larramendi: 1, 3, 5, 7 eta 9 - Fatxada Arantzazu kalera begira duten behe solairuko lokalak (behegaina); 19 eta 21 - Fatxada Madalena kalera begira duten behe solairuko lokalak.
Lizeaga: 12, 14 eta 16 - Fatxada Arantzazu kalera begira duten erdi-sotoko lokalak.
Lizarraga: 3 eta 5 - Behe solairuko lokalak.
Victor Hugo: 3, 5 eta 7 - Fatxada Madalena kalera begira duten behe solairuko lokalak.
Madalena: 9, 11, 13 eta 15 - Behe solairuko lokalak.
Oinddi: 1 eta 3 - Fatxada Arantzazu kalera begira duten behe solairuko lokalak (behegaina).
Elizatxo auzoa: 16, 18, 20, 22, 24, 26, 27, 28, 29, 43, 44, 47 eta 48 - Behe solairuko lokalak.
Sorgintxulo auzoa: 8 eta 9 - Behe solairuko lokalak.
Akarregi bailara: 24 - Behe solairuko lokalak.
Portu auzoa: 3 eta 8 - Behe solairuko lokalak.
Zikuñaga bailara: finka guztiak, 33, 36 eta 38 izan ezik - Behe solairuko eta erdi-sotoko lokalak.