Aspaldiko jendetza haundiena bildu zen atzo Hernanin, LAB sindikatuak deituta, maiatzaren 1eko aldarrikapenekin bat eginez. Oihu bat nagusitu zen denen artean: «lana banatu, ondasuna banatu»; baina izan ziren gehiago ere: «gazte bat, lanpostu bat», edo «emakume bat, lanpostu bat». Euskal presoen aldeko oihuak ere izan ziren eta baita independentziaren aldekoak ere.
Ibilbide luzea
Buruntzaldea eta Tolosaldeako langileek elkar hartuta egin zuten atzoko Hernaniko manifestazioa. Ibilbide luzea egin zuten, eta hainbesteko jendetza zen, momentu batean ia gurutzatu egin zirela manifestazio burua eta bukaera; Larramendi eta Elkano kaleen bidegurutzean, hain zuzen ere.
6 urtean 2.000 langabetu gehiago Buruntzaldean
Tiloseta bete-betean zela ekitaldia egin zuten. LABeko kideek hitz egin zuten, eta baita Sortu eta Ernaiko kideek ere. Denek azpimarratu zuten egoera ekonomiko larria bizi dugula. «Krisi finantzieroa hasi zenetik 6 urte pasa dira, eta zulo gero eta beltzagoan sartzen gaituzte Euskal Herrian egiten ari diren politikek... Buruntzaldean 2.000 langabetu gehiago daude, eta Tolosaldean 1.500 gehiago».
Emakumeek %24 gutxiago kobratzen dute orokorrean, EAEn, eta gazteek oztopo haundiak dituzte lanean hasteko. Hori azpimarratu eta salatu zuten talde guztiek. «Horregatik, dei egiten dugu, maiatzaren 30ean egingo den Greba Orokorrera».