Akordio bat sinatu dute Hernanik eta Semdinli herri kurduak. Hemendik aurrera, senideak izango dira, eta elkarrekin trukatuko dituzte jakintza kultural, sozial, intelektual eta politikoak. Semdinlik gutun bidez eskaera egin dio Hernaniri, eta Hernanik onartu, atzoko Plenoan. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen eta oposizioak kontra. EAJko Andoni Amonarraizek azaldu zuenez, «ez herri horren kontra ezer daukagulako, baizik lehendik ere senidetuta gauden hainbat herrirekin ez dugulako ezer egiten».
Veneziako konferentzian egindako tratua
Hala dio Sedat Törek sinatutako gutunak: «Veneziako konferentzian Marian Beitialarrangoitiarekin bilera egin genuen eta hark proposatu zigun gaiari heltzea; gure udalbatzak berretsi egin du».
Turkiaren mendean dago Semdinli herria, eta hiru herrialderekin muga egiten du. Hakkari probintzian dago, 11.500 biztanle ditu, eta ia denak (%99) kurduak dira.
19 auzo txiki dauzka.
1.500 metrora dago herria, menditsua da eta %45 basoa du (ia dena haritza). Lurraren %10 da egokia nekazaritzarako. Artzantza eta erlazaintza ditu diru sarrera haundienak.
1914-17 bitartean, Rusiaren eskuetan egon zen, eta gero, Turkiarenetan. 1984tik PKK borrokan aritu da Turkiaren kontra, 2002ra arte. Gaur egun, PKKk erabaki du helburu politikoen defentsa erabat bide paketsuekin egitea.
Garbitania eta Atez Atekoa
Atzo onartu zen (Gobernu Taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren kontrakoekin) Garbitania enpresan kapital haunditzea, Astigarraga bertan sartu ahal izateko. Puntu horren jarraian Luis Intxauspek ezetz erantzun zion, Estefania Morcillok egindako Atez Atekoari buruzko erreferendum eskaerari.
Igerileku irekietako tasak
Igerileku irekietan tasak aldatzea ere onartu zen atzo: taldeei prezio merkeagoa egingo zaie, eta 0-6 hilabeteko umeek ez dute ordaindu beharrik izango.
Frankismoa salatu, eta Buenos Airesera babesa
Mozio bat ere onartu zen aho batez, Frankismoaren Krimenen Kontrako Kereilaren Euskal Plataformak sartua. Buenos Arieseko epaile batek, Maria Servini de Cubriak kereila bat daramaki Frankismoko genoziodio eta gizateriaren aurkako krimenengatik. Atzoko Plenoan babesa eman zitzaion kereila horri, eta Frankismoari salaketa egin zitzaion.