Maiatz musikatua joango dela esan liteke, kultur agendari begiratu bat emanez gero. Hamabi ekitaldi behintzat badira, musika edo kantuarekin lotura dutenak, eta ostiralean bertan bi izango dira: Eskolarteko Txapelketako kanporaketa, hainbat ume ekarriko dituena, Biterin, 16:00etatik aurrera. Geroago, Xabier Montoia ariko da, 20:30etan, Berria egunkariaren alde.
Berria egunkariaren alde, ostiral eta larunbat
Berriak 10 urte bete ditu aurten, eta haren aldeko ekitaldiak izango dira bi egunez. Ostiralean Montoiaren kontzertu aurretik Martxelo Otamendik hitz egingo du, eta bideo proiekzio bat ere emango dute, Harkaitz Cano, Maialen Lujanbio eta Lorea Agirrek egina.
Larunbatean, Kaxkoan ibiliko dira Hernaniko taldeak, Berria besazpian hartuta, Kalebueltan, 11:00etatik aurrera.
Erromeria, Txalaparta Festa, eta sei kontzertu
Hernani’n Musikek beste kontzertu haundi bat ekarriko du Biterira, maiatzaren 10ean: Egunsentiaren kantak. Bertan ariko dira Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin hernaniarrez gain, Pier Paul Berzaitz, Erramun Martikorena, Magali Zubillaga, Txema Garcés, eta abar...
Maiatzaren 11n hiru ekitaldi izango dira: Kalez Kale Kantari, San Joan Konpartsaren Erromeria, eta Igeldoko Lezkarri abesbatzaren kontzertua, Ozenkik antolatua. Txalaparta Festa hilaren 16-18an, eta 22tik 26ra bost kontzertu: Musika Eskolako teklatu taldea, 22an; Usurbilgo Zumarte musika eskolaren kontzertua 23an; Kantuz Eguna eta Euskal Kantak Kalez Kale 25ean; eta Musika Eskolako txistulariak 26an.
Hiru erakusketa, haurrek eginak
Haurrek parte hartze polita dute maiatzean. Hiru erakusketa jarriko dituzte Biterin: Bide Heziketari buruzkoa (maiatzak 6-10), Biteriko tailerretako lanen erakusketa (maiatzak 23-30), Ingurumenari buruz egindako erakusketa (maiatzak 27-31).
Elkartasun Eguna maiatzaren 11n izango da eta San Isidro maiatzaren 25ean. Zilegi Eskoletan bi ikastaro izango dira: Euskal Dantzak (maiatzak, 6, 13, 20, 27), eta Defentsa Pertsonala (maiatzak 28, 29). Zoriontasuna lortzeko ikastaro mentala, maiatzaren 8an izango da. Ipuin ordua maiatzaren 28an; Literatur Solasaldiak maiatzaren 8 eta 21ean.