Adin zaila izaten da 10 eta 18 urte bitartekoa, bai gazteentzat eta baita hauen gurasoentzat ere. Hori kontuan izanda, eta gurasoei heziketan laguntzeko asmoz, ikastaroa antolatu du Ongintzak Ereñotzun. Bost saio izango dira, maiatzaren 3, 17, 24 eta 31n, eta ekainaren 6an. Guztiak ordu eta erdikoak izango dira, 15:30etatik 17:00etara, Auzo etxean.
Heziketarako ezagupenak eta baliabideak eskaintzea, asmoa
Jose Maria Izeta Martiartu psikologoak emango du ikastaroa. Ongintzatik azaldu dutenez, ikastaro honen helburua da gazteen ongizatea eta garapena bultzatzea. Eta horretarako, gurasoei hauen heziketan laguntzea garrantzitsua da. Hori horrela, Izeta psikologoak gazte hauen heziketarako ezagupenak eta baliabideak emango dizkie gurasoei.
Saioei dagokienean, bost gai landuko dira; bat saio bakoitzeko. Lehenengo egunean gizartearen aldaketa eta gaur egungo gurasoen inguruan ariko dira. Bigarren saioan, gurasoek seme-alaben nerabezaroan duten jarrera aztertuko dute. Dependentzia eta adikzioak izango dira hirugarren eguneko gaia. Drogak, familia eta heziketa landuko dituzte laugarren egunean. Eta azkenik, ikastaroa bukatutzat emateko, dependentzia berrien inguruan hitz egingo dute, hala nola, internet, mugikorrak...
Ikastaroan parte hartu nahi duten gurasoek izena eman behar dute aldez aurretik, 943 55 10 00 telefonoan.