«BEZak eragiten ez diola esaten duenak gezurra esaten du», dio Mari Fek. Arraina portuan erosteaz arduratzen da, batez ere, eta beste langileak arrandegian aritzen dira. «Bezeroak lehengo berak dira, baina juxtuago erosten dute». Gainera, «etekinerako tartea gero eta txikiagoa da. Lehen BEZa %8koa zen, eta orain %10ekoa, eta igo egin behar dut, ez dut tarterik honi aurre egiteko. Gainera, kaxaren eta portuko gehigarria ere gehitu behar ditut, eta, azkenean, guztiarekin, hasierako prezioari %15 gehitu behar diot!».
«Arraina bera, ez da garestitu»
Dendan lanean aritzen direnen hitzetan, «arraina beraren prezioa ez da igo. Orain urte batzuk baino merkeagoa da! Baina erosten duzunean gehitu behar zaizkion zergekin, erosten duzun preziotik saltzen duzunera, gero eta tarte txikiagoa dugu».
«Begitik sartzen dena
erosten da, oraindik ere»
Poltsikoak larriago daudenez, erosketak ere juxtuagoak direla nabaritu dute Mari Fe arrandegian. «Baina ez dute merkeena erosten, merkeena erosteagatik. Mediana oso ondo saltzen da, eta merkea da. Baina begitik sartzen dena ere erosten dute: antxoa ere gehien saltzen direnen artean dago!».
Juxtu dabilena ere joaten zaiela diote: «denda txikietara ohituta dagoena etorri egiten da. Arrandegiak ematen duen konfiantza ez du supermerkatu batek ematen».