Krisia lehenago hasi bazen ere, Aitor Peñak dio «okerrenak azken 6 hilabeteak» izandirela. 2012ko irailan igo zen BEZa, eta horrek «min handia egin duela» aipatzen du. «Lehenengo 4 hilabeteetan gure gain hartu genuen BEZa. Baina ezin izan dugu horrela jarraitu, eta urte hasieran BEZaren igoera kobratzen hasi behar izan genuen».
Beldurra nagusi
Bezero kopurua mantentzea lortu du Aitor Peñak, baina bere hitzetan, «jendeak beldurra dauka, eta hilabete bukaeran nabaritu egiten da. Nire bezeroen %80k soldata bera izango du, baina seme-alabak etxean eta lanik gabe daudela-eta... Beldurra dute. Eta lehen 2 kilo sagar erosten bazituzten, orain 4 sagar. Piezaka eroste hori nabaritzen da hilabete bukaeran».
Bestalde, eskaintza bereziak egitea ez da horren erraza Peña bezalako denda txikientzat. «Egunero joaten naiz fruta bila. Nik nere hornitzailea estutzen dut pixka bat, prezioa ez igotzeko, eta berak berea estutu behar du. Hala ere, Coviran kooperatibako bazkidea naiz, eta horri esker, tarteka, eskaintzaren bat edo beste egin dezaket. Bestela, bakarrik egonez gero, ezinezkoa da».
Supermerkatu haundiek aukera gehiago dituzte eskaintza bereziak egiteko. Baina, hala ere, Aitor Peñak dio gaur egun supermerkatuek ez diela hainbeste konpetentzia egiten. «Duela 10 bat urte okerragoa izan zen. Lehia gogorra izan zen, adibidez, Urbil bera ireki zenean. Baina, orain, beren artekoa da borroka». Onartu beharra dauka, ordea, «bezero gehienak 40 eta 70 urte bitartekoak» direla, eta «gazte-jendeak supermerkatuetara joateko ohitura haundiagoa» duela.
Merkeenak gehiago, eta kutixiak gutxiago
Aitor Peñak aipatzen duen beldur hori jendearen erosteko moduan izan den aldaketan nabaritzen da.
«Frutetan, aurten, laranja saltzen da gehien, prezioa asko jaitsi baita. Lehengo urtean klementina saldu zen, baina garestitu egin da. Bestalde, pasta eta arrozaren salmenta izugarri hazi da. Nabari da merkeak direla. Jogurtak berriz, gutxiago saltzen dira. Kutixi moduan hartzen ditu jendeak».