Hernaniko dendari txikiek ondo baino hobeto dakite zer den krisia. «Haundien aldean babes gutxiago» dutela diote, eta, «krisiak bezeroengan sortutako beldurrak asko eragiten» diela.
Izan ere, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) hil honetan argitaratu duen txostenaren arabera, gaur egungo erosketa-poltsa arrunta %11 garestiagoa da, duela urtebetekoa baino. Gainera, kontsumitzaileen erosketa ohiturak aldatu egin dira.
Bilbo eta Donosti,
garestienak
Txostena osatzeko, 126 produktu aztertu ditu Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak, eta 80.000 prezio ezberdin jaso ditu produktu horietarako, espainiar estatuko 51 hiritako 801 dendatan eta Interneten. Elikagai freskoak, ontziratuta saltzen direnak, edariak, eta drogeria eta garbitasunerako produktuak dira, aztertutakoak.
Produktu horiek aztertzeko, bi erosketa-poltsa osatu dituzte: orokorra bata, eta ekonomikoa bestea. Lehenengoan, familia batek erosten dituen produktuak sartu dituzte, baina produktu bakoitzaren sektoreko marka ezagunenetako produktuak. Poltsa hau, azken urtean %11,4 garestitu da. Bigarrenaren kasuan, berriz, marka zuriko produktuak sartu dituzte; honen prezioa %12,3 igo da.
Garestitze horretan berebiziko eragina izan du 2012ko irailean izandako BEZaren igoerak. Izan ere, orokorra, %18tik %21era igo zen, eta murriztua, %8tik %10era. Hala ere, ez da hori prezioak erabakitzeko neurri bakarra.
Hain zuzen, zein hiritan erosten dugun kontuan hartu behar da. Izan ere, txostenean jasotakoaren arabera, 1.500 euro aurreztu daitezke urtean, tokia ondo aukeratuz gero. Hemen, ordea, prezio garestienetakoak ditugu. Aztertutako 51 hirien artean bigarren garestiena da Bilbo, eta atzetik du Donostia. Iruñea eta Gasteiz, berriz, bosgarren eta seigarren postuetan daude.
Prezioari begiratzen diogu, kalitateari baino gehiago
Egoeraren ondorioz, erosleen jokaera aldatu egin dela ere esaten da txostenean.
2007an, produktuaren kalitateari ematen zioten garrantzia haundiena erosleek; dendaren kokalekuari segidan; eta prezioari, azkenik. Orain berriz, atzekoz aurrera irauli da eskema hori, eta erosleek, prezioari begiratzen diote gehienbat.
Beldurra, babesik eza,
eta etekinerako gero eta tarte txikiagoa
Hernaniko dendari txikiek ederki nabaritu dute prezioen igoera hau. Askok, BEZaren igoera beregain hartu dute. Baina, ondorioz, etekina ateratzeko tartea txikitu egin zaiela diote; dendari txikiek gero eta gutxiago irabazten dutela, alegia.
Bestalde, bezero kopurua mantentzea lortu dutela aipatzen dute. Baina jendeak beldurra duela nabaritzen dute, gutxiago erosten baitute, kantitateari ondo begiratuta.
Azkenik, «haundien aldean babesik ez» dutela esaten dute. Supermerkatuek eskaintzak egiteko aukera haundiagoa dutela, baina dendari txikiek ezin dutela horrelakorik egin. Hala ere, bezeroei arreta onena eskaintzeko ahalegina egiten dute. «Herriarentzat ere hobe da, bizirik mantentzeko».