Alkateen Batzordea sortu dute Bilduko zazpi Alkatek, gaixotasun larriak dituzten presoen alde lan egingo duena. Batzorde honek asmoa dauka kontaktu erronda bat egiteko, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako administrazioekin. Frantziak eta Espainiak blokeo politikoa egiten duela salatu dute, eta eskatu, egoeraren erresoluzioan pausoak emateko.
Batzorde berria atzo aurkeztu zuten Hernaniko udaletxean, batzordea sortu duten sei alkatek: Luis Intxauspe (Hernani), Miren Mendinueta (Arbizu), Julen Mendoza (Errenteria), Argia Iturrarte (Ondarroa), Pablo Barrio (Lasarte-Oria), eta Mariaxun Gaztelu (Larrabetzu). Aguraingo Maider Garcia de Vicuña ere Batzordean izango da, atzoko prentsaurrekora azaldu ez bazen ere.
15 preso egoera horretan, tartean Garikoitz Arruarte
Alkateek azaldu zutenez, euren herrietan dauzkate presoak, gaixotasun larriak dituztenak, eta euren eginbeharra da horien eskubideak defendatzea. «Jendeak eskatzen digun justiziari erantzun nahian, herritarrak babesteko betebeharra sentitzen dugu, eta hargatik sortu dugu Batzorde hau... Pausoak emateko garaia da».
Hamabost preso daude gaixotasun larriekin, eta horietako bat hernaniarra da: Garikoitz Arruarte. Hainbat gaitz dauzka Arruartek: begiei eragiten dien Uveitisa, edo hezurrei eragiten dien Espondilitisa, beste batzuren artean. Atzo salatu zutenez, espetxean egoteak sekulako kaltea egiten die preso horiei, gaitzak areagotu egiten dizkielako. Horren erakusle, bizitza galdu duten Angel Figueroa eta Xabier Lopez.
Nazioarteko araudiak eskatzen du preso horiek baldintzapean aske behar luketela, eta hori betetzeko eskatu zuten atzo, «pertsona gisa eta preso gisa zor zaielako».